Lekarozen oinezkoendako igarobidea eskatzen dute segurtasuna bermatzeko

Lekarozko herritarrek elkarretaratzea egin dute aste honetan N-121-B errepidean dagoen  biribilgunean oinezkoentzako igarobidea eskatzeko. 60 lagun elkartu ziren bertan eta eskaera argia egin zioten Nafarroako Gobernuari: oinezkoendako igarobidea egiteko diru partida bat bideratu dezala aurtengo aurrekontuetan.

2024-ko urriak 18

Iturria: Erran.eus

Aspalditik heldu den eskea da herritarrena. Izan ere, duela 12 urte ireki zuten Elizondoko saihesbidea, eta horrek herria bitan banatzea eragin zuen, hilerria, auzo bat ikastetxea eta aterpea bertzeak bertze errepidearen bertze aldean gelditu zirelako. «Proiektuak oinezkoendako igarobidea aurreikusten zuen, baina orduan, erdibideko irtenbide gisa, zebrabide bat margotu zuen», nabarmendu zuten atzo. «Orain hiru urte pasa, Nafarroako Gobernuak eskasa zen zebrabide hura ezabatzea erabaki zuen, bidegurutzean zegoen igarobide prekarioa are gehiago zailduz eta arriskuak biderkatuz», salatu zuten.

Atzo azaldu zutenez, «urtero eskatu dute konponbide bat, beharra agerikoa delako, eta arriskua egunero ikusten dugulako». Gobernuaren aldetik hartu dute erantzuna ordea, beti berdina izan da: Borondatea badutela, baina ez dagoela dirurik. «Jakin badakigu pasarela batek proiektua egina eta onartua dagoela, beraz, baliteke egia izatea falta den bakarra dirua dela».

Hala ere, hori ere zalantzan paratu zuten atzo, izan ere, salatu zuen saihesbidearen proiektuan ageri ez ziren bertze lan batzuk egin dituztela, Elizondoko Foruzaingoaren polizia etxeko irteera, adibidez: «Beraz, sosik ez dagoela dioen argudioa egia eta gezurra da aldi berean. Lekarozko oinezkoendako igarobide proiektuak ez du sosik Nafarroako Gobernuak ez duelako sosik bideratu horretarako, eta errealitate horrek, ondorioz, gobernuaren borondatea kolokatzen paratzen du, ekintzak erakusten baitute benetako borondatea, eta ez hitzek».

Gauzak horrela, eskaera argia egin diote Nafarroako Gobernuari: «Sartu dezatela 2025eko aurrekontuetan bidegurutzeko honetarako onartua dagoen oinezkoendako igarobidea gauzatu ahal izateko diru partida bat».

Gehiago