Latzen, Afu, Skatu eta Alaitz eta Maider HTX30eko eszenatokira itzuliko dira

2025-ko apirilak 2

Lau hilabete baino gutxiago falta dira Lakuntzan ospatuko den Hatortxurock elkartasun jaialdirako. Gaur, antolatzaileek beste ezusteko bat eman dute errepresaliatu politikoen egoera salatu eta hauentzako elkartasun ekonomikoa pilatzea helburu duen jaialdian izanen diren beste lau talde mitikoak iragarriz: Latzen, Afu, Skatu eta Alaitz eta Maider musika taldeak HTX30an joko dute oholtzetatik at urteak eman eta gero.

1993an Oñatin sortu zen Latzen taldea. 1999an utzi eta 2007an agur bira berezi bat egiteko itzuli ziren. “Infernuko Ateetan Tour”. 2008tik gaur arte geldi egon da taldea, nahiz eta bide horretan utzitako hainbat ereserkik gogor jotzen jarraitu duten. Orain, 17 urteren ostean, bueltan dira oñatiarrak eta Hatortxu Rocken izango dira.

Afu Barañaingo salsa-reggae taldea da. 2020an atera zuten azken diskoa, “Larruazalean”. Haien jaioterrian eman zuten azken kontzertua, herriko jaietan, 2023ko ekainean, “AFU azken dantza” izenpean. Hiru aldiz egon dira Hatortxun, eta agertokiak utzi eta bi urtera, laugarren zita bat izango dute Hatortxurekin.

Skatu Iruñerriko hainbat gaztek osatu zuten 2007an. Ska-reggae taldeak, zortzi urteren ostean amaitu zuen ibilbidea. 2015eko abenduan jo zuten azken kontzertuan, non eta Hatortxu Rockeko 18. edizioan. Hamarkada baten ostean, berriz ere gurean izanen dira.

Gaurko laugarren itzulera Alaitz eta Maiderrena da. Oiartzungo bikoteak trikiti-pop erritmoak josi zituen 1989 eta 2004 artean. Bi hamarkada igaro dira eta berriz ere oholtza batera igoko dira, zita berezi honetarako. Hatortxu Rockeko eszenatokian ez dira bakarrik egongo eta haien ibilbide luzeko kanta pare bat taularatuko dituzte Iruñeko Burutik taldeak lagunduta.

Lau itzulera hauek otsailean iragarritakoei gertuko zaizkie. Buitraker, Autobus Magikoa eta Never Surrender.

Bad Sound, Dupla, Su Ta Gar, Chulería Joder, Brigade Loco, Leihotikan, Burutik, Tribade, Maskak, Les Testarudes, Non Servium, Añube, Dj Plan B, Gatibu, DJ Trapella, La Jodedera, Süne, Maruxak, Ibil Bedi, Sukena, The Lio, Kaotiko, Bulego, Nøgen, Tatxers, Skabidean, Streetwise, Banda Bassotti, Gozategi, Eñaut Elorrieta, Los Zopilotes Txirriaos eta Betagarriren presentzia ere iragarrita daude dagoeneko. Eta oraindik, datozen aste eta hilabeteetan, 60 izen inguru batuko dira Hatortxuren agurrera.

Sarrerak

Sarrerak salgai daude jaialdiaren webgunean (www.hatortxurock.eus) 105 euroko prezioan, baita akanpalekua edo furgoneta eta autokarabanentzako gunea hartzeko aukera ere.

Gehiago