Lasterbidean elkartasun lasterketa Oñatin ospatuko da ekainaren 4an

Oñatin izanen da aurten euskal preso eta iheslari politikoekiko elkartasuna adierazteko Lasterbidean lasterketa. Hau izanen da 5. edizioa, eta hainbat berrikuntza izanen ditu ekimen honek. Izan ere, aurtengo edizioaren egitaraua bi egunez luzatuko da, ekainaren 3tik eta 4ra, eta patinatzaileendako froga ere izanen da.

2017-ko maiatzak 16

“Preso eta urrun dauden euskal herritarren eskubideak errespetatu eta etxeratzeko lasterketaren erritmoa biziagotu beharra” dagoela adierazi eta lan hau “denon artean eta arin” egin behar dela adierazi dute Lasterbidean ekimenaren antolatzaileek, “helmugak ezin baitu denbora luzean itxaron”.

Esan bezala, aurtengo edizioaren egitaraua bi egunez luzatuko da. Ekainaren 3an larunbata, kontzertuak izanen dira. 20etan hasiko dira gaztetxean eta Herstura eta Viva Belgrado taldeak arituko dira. Igandean, berriz, goiz goizetik hasiko da mugimendua. 8:30etan dortsalen banaketa eta lasterketa eguneko izen emateen irekiera izanen da, eta 10:00 patinen lasterketa (9,2km) izanen da. 11etan hasiko da lasterketa luzea (8,3km) eta eguerdia pasata lasterketa laburra izanen da (3km). 13etan sari banaketa eginen da, eta ondoren ekitaldi bat eginen da. Indarrak hartzeko, 14.30etan herri bazkaria antolatu dute, eta 16.30etan umeentzako ekintza eta tailer ezberdinak egingo dituzte. 17etatik aurrera dantza bertikala, pilota partiduak profesional ohiekin eta Trikimailu taldearen kontzertua izanen dira.

Egun guztian zehar kale animazioa ez da faltako, eta herrian txosnak, material salmenta postuak eta umeentzako puzgarriak egongo dira.

Gehiago