Larunbateko espazio autogestionatuen aldeko manifestazioan parte hartzeko deia egin du Gaztetxeko asanbladak

Alde Zaharreko Gaztetxeko asanbladak, espazio autogestionatuen defentsan eta Iruñeko Udalaren eskutik eman den Alde Zaharreko Gaztetxearen desalojoaren kontra hurrengo larunbatean, abenduak 3, egingo den manifestaziora deitu du. Manifestazioa 18:00etan abiatuko da, Iruñeko Errekoletas plazatik.

2016-ko azaroak 30

Balore eta praktika autogestionatuen bitartez mota honetako espazioek auzoen eraldaketarako beharrezkoak direla aldarrikatu nahian eta espazio horiek ehun sozial komunitario, autoantolatu eta herrikoiaren eraikuntzan egiten duten ekarpena nabarmentzeko manifestazioa izanen dela ziurtatu dute Gaztetxeko kideek.

“Gaur, inoiz baino gehiago, Gaztetxeak Iruñean eman daiteken aldaketa politiko, sozial eta ekonomikoan aurrera egiteko ezinbesteko tresnak dira. Horregatik, ez dugu onartuko edozein instituizok espazio autogestionatuen eraikuntzari trabak jartzea”, adierazi dute.

“Ozen oihukatu dezagun gaztetxeak behar ditugula, defendatuko ditugula, eta gure eskuetan dauden bitarteko guztiak erabiliko ditugula horiek lortzeko”.

Gehiago