Larunbatean Iruñean, gaztetxetik gaztetxera

Pasa den urteko abenduaren 5an Iruñeko Alde Zaharrean okupatu zen gaztetxea hustu eta Udalarekin hitzarturiko gune berriak bere ateak zabalduko ditu. Egun osoko egitaraua antolatu ditu Gazte Asanbladak.

2016-ko ekainak 16

Ekimen ugari antolatu ditu Iruñeko Gaztetxeak pasa den urtean okupatu zenetik, baina asteburu honetako oso berezia da. Larunbatean gaztetxe berriak bere ateak irekiko ditu, eta bertan orain arte egindako eztabaidak, tailerrak, antzerkiak, hitzaldiak, bazkari herrikoiak, txikientzako jarduerak, etab lekua izanen dute. Eraldaketa soziala helburu, sakoneko proiektu bat landu eta gauzatu dute gazteek.

“Egun, auzoa, autogestioa eta autoantolakuntza herritarra oinarrian dituzten borroka ezberdinen partaide gara, besteak beste, partriarkatuaren aurkako borroka, elikadura subiranotasuna, soldatapeko lanari kritika, etxebizitza eta gazte emantzipazioa, kultura askea eta herritarra, errepresioaren salaketa eta euskara bultzatzea. Borroka ezberdinak, zeinetan, lehenbiziko alternatibak jaiotzen hasiak diren: euskara klaseak, talde feminista, jantoki herrikoia, gazte prekarioen sarea, liburutegi antagonista, eta buruan dauzkagun beste hamaika proiektu alternatibo”, adierazi dute.

Udalak eskainitako gune berriak gazteen proiektua garatzeko ezaugarri fisiko egokiagoak betetzen ditu. Geroa Bai eta Nasuvinsa kritikatu dituzte berriz ere, desalojatzeko mehatxua adierazi zutelako. “Negoziazioak hasi zirenetik, Udalak eraikin aldaketa denbora laburrean burutuko genuela hitzeman zigun, baina prozesua hilabete batzuk luzatu da oztopo administratibo eta legalak direla eta. Urteetan zehar, proiektu herrikoi autogestionario ororen aurka egiteko helburuz, klase menderatzaileek diseinaturiko arautegi eta oztopoak, alegia”. 

“Instituzioek eta herri mugimenduek erritmo ezberdinak dituztela eta batzuk ezin dira besteengandik gailendu. Oztopo legal horiek gaindikatzeko herri mugimenduaren aldeko borondatea azaltzen ez den bitartean, batak bestea mugatzen duelarik. Guztiagatik, beste behin ere, benetako aldaketa, halabeharrez, kaletik, herri boteretik, jaioko dela aldarrikatzera gatoz; eta berau, ahalduntze kolektiboa oinarrian duen prozesu baten bidetik soilik etorriko dela. Era berean, orainarte izandako lorpenak, kaletik datorren ahalduntze horri esker erdietsi ditugula argi dugu, okupazioari esker”. 

Larunbaterako ekintza eta jarduera ezberdinez osaturiko egun osoko egitarau oparoa prestatu dute, eta kontzertu itzel batzuekin emango diote amaiera ospakizun egunari. 

Iruñerriko txoko ezberdinetan gaztetxe berriak lortzeko borrokan dirauen gazteria osoari animoak bidali dizkiete, “eragozpen legal eta oztopo guztien gainetik, gaztetxea, okupazioa eta autogestioa” aldarrikatuz.

Gehiago