Larunbatean GKSren manifestazioa izanen da Iruñean “Gazte langileok borrokara!” lelopean

"Enpresarien eta agintarien erasoaldiaren aurrean, gazte langileok borrokara!" lelopean manifestazioa eginen du GKSk Iruñean eta Bilbon. Iruñeko mobilizazioa Sarasate Pasealekutik abiatuko da arratsaldeko 18.00etan.

2023-ko urtarrilak 23

Kapitalismoaren krisi sakona bizitzen ari gara, baina guztiok ez ditugu modu berean sufritzen krisi horren ondorioak. Are gehiago, bankari eta enpresari handiak negozioa egiten ari dira testuinguru honetan. Izan ere, zuzenean eta zeharka langileon soldatak erasotzen ari dira; horregatik, gure soldatek gero eta balio gutxiago daukate, eta langile askoren ezintasuna eta larritasuna handitzen ari dira. Eta hau ez da gertakari neutral bat, hau enpresari handien eta agintarien erasoaldia da: banku zentralena, nazioarteko diru funtsena, energia konpainia handiena, armagintzako enpresena, putre funtsena, elikagaien korporazio erraldoiena, plataforma eta industria digitalena eta bestelako enpresari handi askorena. Horien diru goseak langileriaren miseria dakar.

Azken urteotako esperientziak argi utzi digu egoera hau ez dela aldatuko hilabeteek aurrera egin ahala; ez, errealitate prekario hau geratzeko etorri da. Izan ere, kapitalismoaren ziklo ekonomiko berri batean sartu gara, paradigma kapitalista berri batean, eta paradigma berri horretan langileon pobrezia eta eskubideen ezabapena ez dira salbuespenak, normaltasun berria baizik.

Politikari profesionalak ere langileon aurkako erasoaldi honen parte dira. Ez soilik politika parlamentarioa oligarkiaren interesen menpekoa delako, Europar Batasuneko herrialdeetan gertatzen den bezala, adibidez. Europar Batasunaren mandatuei lotuta egoteaz gain, erasoaldi honen onuradunetako bat dira politikari profesionalak; izan ere, hilero-hilero milaka liberatuen soldatak betetzen dizkiete; beraien alderdien egoitzak eta gastuak ordaintzen dizkiete; administrazio edota enpresetan karguak zein kudeaketa konpetentziak eskuratzen dituzte eta bestelako pribilegio asko dituzte. Akaso norbaitek uste du bankarien eta enpresari handien erasoalditik elikatzen diren politikari profesionalek gure bizitzak hobetuko dituztela? Ez gaituzte engainatuko: salbuespen politika ilegalak aplikatzen, kode penalak gogortzen, aurrekontu militarra igotzen, poliziaren baliabideak handitzen… ikusi ditugu politikari horiek azken urte hauetan.

Beraien patrikak goraino betetzen dituzten bitartean, gazte belaunaldion bizi baldintzak okertzen ari dira. Gizarte mailan, proletarizazio prozesu orokorra dago martxan eta horren ondorioak nabarmenak dira gazte esparruan ere. Lan baldintza prekarioak, bizi ereduaren okertzea eta autoritarismoaren gorakada nagusitzen dira gazte langileon bizitzetan. Gainera, agintariek beraien burua zuritzeko erabiltzen gaituzte: gazteok omen gara etorkizuna eta horrekin konprometituta daudela esaten digute, gure hitza entzun nahi dutela, pentsamendu kritikoa sustatu nahi dutela gazteongan, belaunaldi oparoa garela eta abar. Beraiek hori esaten duten bitartean, gazte langileok errealitaterekin aurrez aurre egiten dugu topo: etorkizun duin baterako baldintzarik gabe gaude, miseriazko soldata baten truke egiten dugu lan, laneko nagusiaren abusuak jasan behar ditugu, kriminalizatu egiten gaituzte, eskubide politikoak ezabatzen dizkigute…

Egoera honen aurrean, gazte langileon arteko batasun politikoa sustatzearekin batera, beharrezkoa ikusten dugu enpresari handien eta agintarien erasoaldiari aurre egitea. Horregatik, horren guztiaren aurka mobilizatzeko hautua egiten dugu, gazteon artean borrokarako borondatea hedatzeko helburuarekin. Hori horrela, urtarrilaren 28an manifestazioak egingo ditugu Bilbon eta Iruñean, “enpresarien eta agintarien erasoaldiaren aurrean, gazte langileok borrokara!” lemapean.

Mobilizazio batek ez du enpresarien erasoaldia geldituko, baina gazteon arteko antolakuntza eta borrokarako grina hedatzeko erabili behar dugu. Izan ere, gero eta jende gehiago eta lurralde gehiagotan mobilizatzeko testuingurua sortu behar dugu, baita enpresarien eta politikari profesionalen eraginetik kanpo antolatzen jarraitzeko bitartekoak hedatu ere. Urtarrilaren 28an egingo ditugun manifestazioak norabide horretan kokatzen ditugu. GKS, gazte langileontzako erreminta bat garen heinean, helburu horiekin konprometituta gaude eta gazte langileok antolatzen eta mobilizatzen jarraitzeko proposamenak garatzen jarraituko dugu.

Enpresarien eta agintarien erasoaldiaren aurrean, gazte langileok borrokara!

Gehiago