Larunbatean errepresioaren aurkako manifestazioa deitu dute Iruñean

Errepresioari Autodefentsa dinamikak deituta, arratsaldeko 18.30etan abiatuko da manifestazioa San Frantzisko plazatik. Atzo kontzentrazio bat egin zuten Alde Zaharrean.

2017-ko martxoak 10

Azken garaietan Euskal Herrian izandako errepresio auzi ezberdinak salatzeko eta errepresioaren aurrean erantzun bat emateko asmoz, Errepresioari Autodefentsa dinamikak manifestazio nazionala eginen du larunbatean Iruñean.

Okupazioaren aurkako erasoak, ikasle mugimenduaren aurkako jazarpena, Altsasu eta Indar Gorri auziak, herri mugimenduko kide batzuek salatu duten jazarpen poliziala eta Euskal Herri mailan dauden beste auzi batzuk osatzen dute errepresioaren zerrenda hau.

“Erasoen zerrendatze hau ez da modu isolatuan ulertu behar. Estatuak eta sitemak berak badaki errepresioaren bitartez herri mugimenduko kideak beldurtzen eta xahutzen. Badaki non eta noiz jo behar dituen kolpeak eta zertarako. Badaki Iruñerriko herri mugimendua fase konfrontatibo dialektiko baten aurrean kokatzen dela eta horregatik saiatzen da, orain, aktibitate politiko iraultzailerako oztopoak jartzen. Haren interesak defendatuko ez dituen eta gainera zuzenean konfrontatuko dituen aktibitate politikoa ez da onargarria gaurko legalidadearen barruan eta beraz, orain Iruñerrian gertatzen ari dena prebentzio formak besterik ez dira”, salatu dute Iruñerriko egoera baloratuz.

Errepresio konkretuei “erantzun kolektiboak” eman eta mekanismo antierrepresiboak eraiki nahi dituzte “eragileen funtzionamendu eta jardun politikoa” bermatzeko. Manifestazioa San Frantzisko plazatik abiatuko da 18.30etan.

Gehiago