Larunbatean Bilbon euskal herritarrak erabakitzeko prest daudela adierazteko ekitaldia

Lau urte pasa dira Gure Esku Dago aurkeztu zenetik eta "oso harro" sentitzen dira ekimenaren partaideak eta aurrera egiteko "indar handia" dutela azpimarratu dute larunbata honetan Bilbon eginen den mobilizazioan parte hartzeko egindako azken deian.

2017-ko ekainak 9

“Ibilian ibilian eta Euskal Herriko esparru ezberdinetan eman diren aurrerapausoekin batera, testuinguru berri batera egin dugula jauzi. Eta jauzi horretan Gure Esku Dagok ekarpen esanguratsua egin duela: herritarren aktibazioan eta ahalduntzean, eta kultura politiko berri baten sorreran”.

Angel Oiarbide eta Karmele Olabarrieta GEDren bozeramaileek ekimen herritarraren gako nagusiak aztertu zituzten. Alde batetik, azpimarratu zuten egindako ibilbidean “herritarren aktibazioa eta ahalduntzea” bilatu izan dutela etengabe, eta horren adierazle nagusia  herri galdeketak izan direla gogoratu zuten. Gaur arte 142 dira herri galdeketak egin dituzten herriak eta 147.000 herri honen etorkizunaren inguruan hitza hartu duten herritarrak, galdeketetan parte hartuz. “2014an 3.000.000 lagun deitu genituen giza katera eta 150.000 izan ziren parte hartu zutenak. Eta gaur arte galdeketak egin diren herrietan 550.000 izan dira denera parte hartzera deituak eta 147.000 lagunek hartu dute parte. Elkarrekin mobilizazio erraldoi bat —giza katea— antolatzeko gaitasun hori, lau urtetan erabakitzeko gaitasuna bihurtu dugu”.

Emaitza kualitatiboak ere destakatu nahi izan zituzten, izan ere herri galdeketa baten prozesuak uzten dituen onura guztiak, sortzen duen kultura, konplizitateak eta giroa oso positiboki baloratzen dutelako. Datozen hilabeteetan herri galdeketak gune zabalagoetara eramateko lanean ari dira beste hainbat herri.

Kultura politiko berri bat
Urte luzez gatazkatsua izan dena, erabakitzeko eskubidea, normaltasunera eramaten ari direla uste dute GEDkoek. “Normala dena konkistatzen ari gara, demokrazian edozein gai normaltasunez kudeatu daitekeela erakutsiz, demokrazian sakonduz eta baldintzak sortzen gure etorkizuna modu librean erabakitzeko”, esan zuen Oiarbidek. Eta lan hau herritarrek erakunde eta eragileekin batera lan egitea eskatzen duela gogoratu zuten. Honekin lotuta dago larunbateko mobilizazioan aurkeztuko duten “Herritarron Ituna”. Herritarron Ituna, “pluraltasuna eta berdintasuna oinarri”, euskal gizartearen nahiak bilduko dituen testua, dokumentua, liburua izango dela aurreratu dute.

Aurrera begira, Gure Esku Dagoren helburua 2019an Euskal Herrian herritarrek euren etorkizuna erabakitzeko prest egotea da. Eta helburu horretara iristeko martxan dituzte jada beharrezko lan ildoak: herri galdeketak, larunbatean aurkeztuko duten Herritarron Ituna eta mobilizazioak. 

Bilboko ekitaldian Katalunia presente izanen da

Katalunia bezala, Euskal Herria erabakitzeko prest dagoela erakutsi nahi diote munduari. “Demokrazia herritarron nahiak errealitate bihurtzeko jaio zelako, Bilbon euskal herritarrok ozen esango dugu erabakitzeko prest gaudela”. Beraz, larunbatekoa “hitzordu garrantzitsua” dela azpimarratu zuten. Azaldu zutenez, Bilbon  galdera ikur itxurako mosaiko erraldoi bat osatuko da, 17:30etan Eliptika plazatik Euskadi plazaraino eta ondorengo ekitaldian Herritarron Ituna aurkeztuko dute. Ekimen guztia, gainera, streaming bidez emango dute etorri ezin direnek ere zuzenean jarraitu ahal dezaten.

Ekitaldian Kataluniako Omniumeko presidente Jordi Cuixart izanen da. Gaur aurkeztuko dute Kataluniako erreferendumaren data eta galdera eta bihar Euskal Herrira etorriko da, babesa agertzera. “Eta guk, era berean, elkartasun adieraziko diogu Kataluniako herriari, eta baita erreferendumari ere, ez independentziaren aldeko ekimena delako, baizik eta gizartearen gehiengoaren nahiari bide emateko tresna delako, eta uste dugulako arazoei aurre egiteko hautetsontziak erabiltzea demokrazia dela, demokrazia hutsa”.

Gehiago