Larunbatean AHTren aurkako oihua Iruñeko karriketara eramango du Orain Ardura ekimenak
"Elefante txuria" Tafalla inguruan egiten ari diren AHTren obretatik atera zen pasa den astean, Pompaelumerako bidean. Abenduaren 10eko erromatar desfile erraldoia izanen da, eguerdiko 12etan Diputaziotik abiatuko dena.
2022-ko abenduak 7
Elefante txuria azpiegitura alferrikako, suntsitzaile eta inposatuen nazioarteko ikurra da. Azpiegitura horiek, antzinako Thailandiako elefante txuriek bezala, sortu beharko lituzketen onura hipotetikoek baino gastu eta kalte gehiago eragiten dituzte, eta, ondorioz, ustezko onuradunen hondamendia eragiten dute. AHTa Euskal Herriko elefante txuririk handiena dela azpimarratzen dute Orain Ardura ekimeneko lagunek. Izan ere, 12.000 milioi euro baino gehiagoko kostua baitu diru publikoarekin finantzatuta “enpresa-eliteei bakarrik mesede egiten diena eta are gehiago zorpetuko gaituena”, gogoratzen dutenez.
“Aurrekaririk ez duen krisi ekologiko global baten erdian, biztanleriaren pobretzea esponentzialki handitzea eragiten duen inflazio izugarriarekin, eta aurrekontu sozialetan murrizketak egiten jarraitzen duten bitartean, AHTaren eraikuntza sasoiko dago oso: Nafarroan, 2023rako Estatuaren aurrekontu orokorrek 71 milioi esleituko dizkiote (Estatuak lurralde horretan egindako inbertsioaren % 60) eta EAEn beste 385 ( % 51)”, Orain Ardura ekimenak bildutako datuen arabera.
Hori salatzeko, datorren abenduaren 10ean “elefante txuria” erromatar desfile handi baten buru izango da “Pompaelumeko kaleetan”. Pasa den astean bere ibilbidea hasi zuen Tafallatik gertu dauden AHTaren obretatik. Inguru horretan erromatar castellum baten hondakinak topatu dituzte AHTren lanak egiten ari zirenean. “Erromatar inperioak lurralde zabalen kolonizazioa ekarri zuen azpiegitura handien hedapen ikaragarriari esker – horien artean garraio azpiegiturak- okupatutako lekuetan bildutako eskulan esklaboaren bidez eraikiak. Konkista manu militari egiten zen, aipatu bezalako gotorlekuetan bizi ziren mertzenarioen legioen bidez. Gaur egungo sistema kapitalistaren inposaketarekiko antzekotasuna, esplotatutako eskulan etorkinez eraikitako AHT bezalako azpiegitura handien garapena behar duena, oso agerikoa da”, dio Orain Ardura ekimenak.
Manifestazio irudimentsu honekin AHTren obrak “berehala eta behin betiko gelditzea” eskatu dute “eta funts horiek biztanle guztientzako bizi-baldintza duinak bermatzera bideratzea, enplegua, osasuna, irakaskuntza, pentsioak, etxebizitza, gizarte-zerbitzuak eta kalitatezko zaintzak ziurtatuz”. Mobilizazioa larunbatean eguerdiko 12etan Diputaziotik abiatuko da.