Larunbatean abiatuko da Iruñean Nafarroako Bertsolari Txapelketa
42. ediziora ailegatu da Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Hilaren 7an Iruñean hasiko da eta martxoaren 28an amaituko da, Elizondon. Bi hilabetean bederatzi saio jokatuko dira. Inoizko parte-hartzaile kopururik handiena izango du, osotara 33 bertsolarik eman baitute izena.
2015-ko otsailak 4
Parte-hartzaile kopuru handiaren ondorioz, lehen aldiz txapelketan izena eman dutenen artean kanporaketa bat jokatu zen abenduan Iruñean. Sei bertsolari aritu ziren saio horretan eta hiruk lortu zuten final-laurdenetako txartela. Hortaz, 30 bertsolarirekin abiatuko da final-laurdenetako fasea.
Bost final-laurden jokatuko dira otsailaren 7tik 22ra, Iruñea, Irurtzun, Zubiri, Lizarra eta Lakuntzan. Horietan 18 bertsolari sailkatuko dira hiru finalaurrekoetarako. Berriozar (martxoak 7), Lesaka (martxoak 8) eta Burlatan (martxoak 15) izango dira finalaurrekoak.
Azkenik, Elizondoko pilotalekuan jokatuko da aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala. Martxoaren 28an izango da, 17:00etan hasita. Bertan zortzi bertsolarik hartuko dute parte.
Asteburuan, lehenengo bi saioak
Bi saiorekin abiatuko da asteburuan Nafarroako Bertsolari Txapelketaren edizio berria. Iruñean hasiko da aurtengo txapelketa, larunbatean. Katakraken jokatuko da lehen final-laurdena, arratsaldeko 17:30etatik aurrera.
Iruñekoa ez da asteburuko saio bakarra izango, igandean Txapelketako bigarren final-laurdena jokatuko baita Irurutzunen.
Nafarroako Bertsolari Txapelketaren inguruko xehetasun guztiak www.bertsozale.eus webgunearen barruan dagoen atal berezituan aurkitzen ahal dira. Horrez, gain, www.bertsoa.com atariak ere txapelketaren jarraipen berezia egingo du.