Larunbata honetan, Iruñerriko Euskal Jaia ospatuko da
Iruñerriko IV. Euskal Jaia maiatzaren 16an ospatuko dugula Iruñeko Alde Zaharreko karriketan.
2015-ko maiatzak 11
Iruñerriko Euskal Jaia gure eskualdean euskal kulturaren alde lan egiten duten talde eta pertsonen arteko topagunea izateko asmoarekin jaio zen. Eta, aldi berean, euskal kultura eta nortasuna aldarrikatzeko aukera alaia eta koloretsua izan nahi du. Laugarrenez ospatuko da Euskal Jaia, eta dagoeneko erreferente da eskualdean euskal kulturaren alde lanean dabiltzan taldeendako. Hirugarren edizioa arrakasta izandu zen, eta ehunka lagun bildu ziren goizeko kalejiretan, bazkari herrikoian eta baita arratsalde eta gaueko dantzaldietan ere.
Aurtengo leloa “hemen gara” izanen da. Izan ere, Euskal Jaiaren helburu nagusietako bat Iruñean euskal kultura ikusaraztea baita. "Hemen garela gogorarazi nahi diegu gu zokoratzen saiatzen direnei, eta hemen garelako euskaldunak garela aldarrikatu", adierazi dute. "Hemen gaude eta hemen gaudelako euskaldunak gara".
"Espero dugu hemen garela aldarrikatzeko beharra iraganeko kontua izatea Euskal Jaiaren ondoren. Izan ere, aukera historikoa baita euskararen eta euskal kulturaren aldekoak Iruñeko udal gobernuan sartzeko", esan dute hauteskundeei erreferentzia eginez.
Ekitaldi anitz
Iaz egin bezala, aurten ere Euskal Jaia ez da egun bateko kontua izanen. Ostegunean eta ostiralean ere ekitaldiak antolatu dituzte. Maiatzaren 14an Noka taldeak kontzertua eskainiko du Jarauta tabernan 20:30etatik aurrera. Maiatzaren 15ean, berriz, bertso saioa izanen da Zaldiko Maldiko elkartean. Iruñerriko bertsolari gazteek parte hartuko dute, iazko saioari segida emanez. 20:00etan hasiko da, eta pintxoak izanen dira bertaratzen direnendako.
Berritasunik ere izanen da. Aurten Kaldereriako tabernek hainbat kontzertu antolatu dituzte Euskal jaiaren egunerako. Hala 17:00etan hasi eta 22:00ak arte musika izanen da karrika horretan. 17:00etan Alicate y la gramola del amor taldea Cafe Racerren, 18:00etan Legeak Erre taldea Suberri eta Toki Lezan, 19:30ean Muskharian taldea Terminal, Gunea, Iris eta Garazi artean, eta 21:00etan Khous taldea Infernun.
Egitarau orokorrari dagokionez, urteroko egitaraua mantendu dute. Goizean kalejirak izanen dira Alde Zaharrean, eguerdian ekitaldi nagusia Udaletxeko plazan eta larraindantza Gazteluko plazan. Bazkaria Arrano elkartean izanen da 15 euroren truke eta arratsaldean erromeria Nabarreria plazan. Bestetik, gaueko kontzertuak ez dira Jarauta tabernan izanen, Jarana peñan baizik.
22:00etan hasiko dira, eta Benation eta Chotakabra taldeek joko dute. Ondoren musika izanen da 2:00ak arte.
Euskal Jaia, San Fermin Txikiton ospatzetik egun propio izatera
Urte askotan zehar zenbait taldeen artean euskal jaia ospatzen zen Aldapako San Fermin festetan. "Berehala ohartu ginen Iruñeak egun propio bat behar zuela bere euskal jaia ospatzeko. Aldi berean, argi genuen Iruñea ezin zela bere eskualdetik baztertu". 2012an aurrerapauso bat eman zuten eta eskualdeko euskal jaia antolatu zuten lehendabiziko aldiz.
Aurtengo edizioan, eragile eta kolektibo ugarik hartuko dute parte antolakuntzan: Iruñeko Dantzarien Mahaia, Iruñeko auzo ezberdinetako erraldoiak eta joaldunak, Xapiru Trikitilarien Eskola, Ostatu ibiltaria taldea, Karrikadantza, Hauskaitz taldea, Benation taldea, Chotakabra taldea, Iruñeko bertsolariak, Noka taldea…
Bestelako laguntzaileak: Iruñeko Peñen Federazioa, Gora Iruñea!, Alde Zaharreko hainbat taberna.
Egitaraua:
10:00etan herri gosariak Estafeta eta Jarauta karriketan.
11:30ean kalejirak Alde Zaharreko karriketan barna. Dantzariak, joaldunak, erraldoiak, trikitilariak, txarangak, fanfarreak…
13:00etan ekitaldi nagusia Udaletxeko plazan.
13:30ean Larraindantza eta erraldoien topaketa Gazteluko plazan.
15:00etan herri bazkaria Arrano elkartean, 120 lagunendako (bazkalondoan Ostatu ibiltaria taldea).
17:00ean kontzertuak Kaldereria karrikan.
18:00etan dantzaldia Nabarrerian: Karrikadantza eta Hauskaitz
21:45ean kalejira Jarana peñaraino.
22:00etatik 2:00etara kontzertuak Jarana peñan Benation eta Chotakabra. Gero musika eta giro bikaina.