Larunbata honetako amnistiaren aldeko manifestazioa debekatu dute epez kanpo eskatu delako

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak jakinarazi duenez, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzak larunbata honetan Iruñean “Borrokak ez du etenik. Amnistia osoa!” lelopean deitutako martxa debekatu du legeak ezartzen dituen epeetan eskatu ez delako. Hala eta guztiz ere, deialdiari eutsiko diotela ohartarazi dute.

2020-ko ekainak 25

    Ohar honen bidez jakinarazi nahi dugu Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Delegazioak debekatu egin duela larunbat honetarako, ekainak 27, “Borrokak ez du etenik. Amnistia osoa!” lelopean deituta zegoen manifestazioa. Debekuaren aitzakia, oraingoan, komunikazioa epez kanpo eginda dagoela eta urgentzia bidez deitzeko motibaziorik ez dagoela izan da.

    Aitzakia diogu manifestazioen debekuak etengabeak direlako Nafarroan, hauek faxistek deituak ez direnean. Patxi Ruizen egoera salatzeko manifestazio bat debekatu zuten Iruñean, maiatzean, larrialdi sanitarioaren aitzakiapean. Ez ordea Vox alderdi faxistarena edo zezenketen aldekoa, izan ere Vox, PSOE, Podemos eta zezenketa-zaleak sistema eta interes berberen kudeatzaile edota onuradunak dira.

    Azken hilabeteetan eta pandemiaren testuinguruan, benetako salbuespen egoera bizi izan dugu mundu osoan eta, ondorioz, baita Euskal Herrian ere. Herrien eta langileriaren eskubide politiko oinarrizkoenak bertan behera utziak izan dira. Burgesiak oposiziorik gabe zapaltzaile lanetan aritzeko aukera izan du tarte honetan, eta hari horretatik normaltasunetik ezer ez daukan “normaltasun berria” ezarri dute. Murrizketak ezarri dizkigute eta ezartzen jarraituko dizkigute, eta hori guztia saiatuko dira egiten aurkako inolako erantzunik gabe.

    Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak beti defendatu du Herriak ez diola inori bere eskubideak gauzatzeko baimena eskatu beharrik, eta are gutxiago eskubide horiek urratzen dituztenei. Horrela erakutsi genuen 2016ko irailaren 3an Etxarrin, Delegazio berberak, kasu horretan PPren esku, preso politiko erien askatasunaren aldeko manifestazioa debekatuta eta Guardia Zibilak manifestarien aurka gogor oldartuta ere, protesta burutu genuenean.

    Manifestazioaren debekua jaso duen pertsonak helarazi digunaren arabera, bihar jakinaraziko die debekatzaileei mobilizazioa deitzeari uko egiten diola. Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak lekukoa hartzea erabaki du eta manifestazioarekin aurrera jarraituko duela iragarri nahi du, debeku guztien gainetik, faxismoaren kontra. Larunbat honetan, ekainak 27, manifestazioa burutuko dugu 18:00etatik aurrera Iruñean, Errekoleten plazatik abiatuta. Borrokak ez du etenik. Amnistia osoa!

Gehiago