“Larunbat honetako martxa epaiketa politikoen amaieraren aldeko danbada handi bat izanen da”

Datorren astelehenean hasiko da Iruñerriko hamar gazteren kontrako epaiketa. Haietako batzuek prentsaurrekoa eman zuten atzo arratsaldean Iruñean, senitartekoak, adiskideak eta Iruñerriko Herri Harresiko kideak ondoan zituztela. 

2015-ko apirilak 29

Gazte horietako batek, Oihan Ataunek esan zuenez, Auzitegi Nazionalak gazte mugimenduko militante izateagatik epaituko ditu, baina epaitegi horrek euskal gazteriaren lana epaitzeko inolako legitimitaterik ez duela adierazi zuen, ez lehen ez orain. Hortaz, Espainiako Estatuaren bultzada errepresiboari aurre egiteko modurik onena gizartearen mobilizazioa da, bere esanetan.

Auzitegi Nazionaleko epaiaren zain dauden 16 gazteen kasua gogoratu eta haiekiko elkartasuna helarazi ondoren, irmo adierazi zuen “lortuko dugu epaiketa politikoak eta eskubideen urraketak amaitzea”, eta, era berean, dinamika horietan azken urteetan egindako aurrerapausoak txalotu zituen. Norabide hori sendotzearen aldeko jarrera agertu zuen, bai eta “gizarte osoaren parte-hartzean oinarritutako ekimenak” bultzatzearen aldekoa ere.

Hamar gazte horien kontrako epaiketa maiatzaren 4, 5, 6, 7, 11 eta 12an eginen da, eta 10 urteko kartzela zigorra eskatu dute bakoitzarentzat. 2008ko irailetik azarora bitarte atxilotu, eta espetxera bidali zituzten, torturak salatu ondoren. Zazpi libre utzi zituzten handik hilabete batzuetara fidantza handiak ordainduta.

Gazte horietako bost Iturramakoak dira (Mikel Marin, Iker Aristu, Diego Octavio, Iker Araguas eta Ibai Azkona), hiru Arrosadikoak (Oihan Ataun, Mikel Beunza eta Iñaki Marin), bat Donibanekoa (Gorka Sueskun) eta beste bat Barañaingoa (Mikel Flamarique). Hiruk kartzelan segitzen dute: Iker Araguas, Ibai Azkona eta Iñaki Marin.

18:00etan Antoniuttin

Maider Caminos Iruñerriko Herri Harresiko kideak herritarrak animatu zituen epaiketa hau dela-eta deitutako mobilizazio guztietan parte hartzera.

Antolatutako ekimen nagusia martxa zaratatsu bat izanen da, larunbatean –maiatzaren 2an-, 18:00etan Antoniuttitik abiatuta; lehenago, bi zutabe aterako dira, han elkartzeko: bata Iturrama-Arrosaditik (17:30ean bunkerrean) eta bestea Barañain-Donibanetik (17:30ean Golem-etan). Antolatzaileek dei egin diete bertaratzen direnei zarata egiteko gauzekin joateko manifestaziora, “zarata horren bidez gure haserrea adierazteko, epaiketa horrek eta etenik ez duen jazarpenak eragiten digun haserrea alegia”.

Horrez gain, epaiketaren saioak dauden egunetan bilkura eginen da eguerdiko 10etatik 12etara Gobernuaren Iruñeko Ordezkaritzaren aurrean. Maiatzaren 4an eta 11n, PPren egoitzaren aurrean ere eginen dira bilkurak.

Maider Caminosek esan zuenez, Nafarroan sei lagun daude espetxean eta beste 44 espetxeratuak izateko arriskuan haien lan politikoagatik. Eta amaitzeko adierazi zuen: “Eskandaluzkoa da Espainiako Gobernuak jarraitzea jendea ideia eta militantzia politikoengatik jazartzen, epaitzen eta espetxeratzen”.

Gehiago