Larrialdi linguistikoari aurre egitea eskatu du EHEk, eta Euskal Errepublika aldarrikatu du Durangon
'Euskaraz bizitzeko Euskal Errepublika', lelopean egin zuen manifestazioa Euskal Herrian Euskaraz taldeak Durangon pasa den larunbatean.
2024-ko abenduak 9
Iturria: Euskalerria Irratia-Ahotsa.info
Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika lelopean larunbatean manifestazio nazionala egin zuten Durangon Euskal Herrian Euskaraz taldeak deituta. Landako Gunetik hasita eguraldia lagun izan ez arren jendeak bat egin zuen aldarrikapenarekin. Manifestazioaren ondorengo ekitaldia Unai Iturriaga bertsolariak kantatutako bertso batekin hasi zen. Jarraian, Maddi Arando eta Irene Larrañaga bergararrek Euskal Herrian Euskaraz abesti ezaguna kantatu zuten eta gero iritsi zen EHEko bozeramaileek, Sugoi Etxarrik eta Intza Gurrutxagak irakurritako mezua entzuteko unea.
Talde euskaltzalearen bozeramaileak Larrialdi linguistikoaz mintzo ziren. “Larrialdi-linguistikoa”, ez da lelo bat, ez da kontzeptu katastrofista bat. Gure hizkuntzaren, eta ondorioz, gure herriaren egoera sakon aztertuz ateratako ondorioa da. Euskararen biziberritze-prozesua, azken urtetan geldialdian egon ondoren, atzerakada-arriskuak eta mehatxuak handituz doaz, oldarraldi edo erasoaldi judizial, politiko eta mediatikoaren eskutik”, ohartarazi zuten.
Euskararen berreskurapenaren historiaren errepasoa egin zuten, esanez 50eko hamarkadaren bueltan, egoera latzean zegoela euskara, eta orduan zenbait euskaldunek sinetsi zuten egoera irauli zitekeela “inposatzen zen normaltasuna, debekuz, autogorrotoz eta konplexuz betetakoa, puskatu eta utopia propioak, burujabeak, irudikatzen eta errealitate bilakatzen hasi ziren: gau eskolak, ikastolak, kultur sorkuntza euskalduna… Ezkutuan, era klandestinoan, haien buruak arriskuan jarriz, lortu zuten: basamortuaren erdian, historiaren joanak espero gabeko loraldi bat izango zenaren haziak erein zituzten”, gogoratu zuten.
Gaur egun, eta nahiz eta egoera ezberdina izan, euskarak beste arrisku batzuei aurre egin behar diela azpimarratu zuten. “Euskaldunok, gure egunerokoan aurkako norabidean doan korronte indartsu bati egin behar diogu aurre euskaraz bizitzeko saiakera horretan. Eta argi esan behar dugu: ez da ez dugula nahi, ez da euskaraz badakigula baina ez dugula erabiltzen. Horiek, instituzioek haien ardurak eta egiturazko arazoak ezkutatzeko sortzen dituzten aitzakiak dira, indibidualismo- eta despolitizazio-garaietan erraz sinetsi izan direnak. Ez ditzagun geuk ere argudio horiek erreproduzitu!”, eskatu zuten.
“Arazoa da gure egungo bizimoduaren erdigunea hartzen duten pantailek, kultura globalizatuaren merkatu kapitalistan sortzen diren edukiak hizkuntza hegemonikoetan jasotzen ditugula eta bertako instituzioek ez dutela horri aurre egiteko neurriko erantzunik ematen. Arazoa da Euskal Herrian hezkuntza sistemek, oraindik ere, ikasleen gehiengoa ez dutela euskalduntzen eta horren aurrean, iazko abenduan onartu zen Hezkuntza Lege lotsagarria bezalakoak onartzen dituztela, hezkuntzako eta euskalgintzako eragileen arteko adostasun sozial zabalei bizkar emanda. Arazoa da, gainera, eskolan euskalduntzea
ukatu zaien horiek edota beste lurralde batzuetatik etorri direnek, oraindik ere, bertako hizkuntza ikasteko ordaindu behar izatea. Eta arazoa da Nafarroa Garaiko zatirik handienean eta Ipar Euskal Herrian oraindik ere euskarak ofizialtasuna ukatua izatea. Horregatik, garbi izan behar dugu larrialdi-egoera hau, ez dela norbanakoon ardura, baizik eta egiturazko arazoen ondorio”, salatu zuten.
Egoera politiko eta sozial orokorrak ere hizpide izan zituzten, joera erreakzionarioak baztertzen eskatzeko. “Krisi-testuinguruan, “kasualitatez”, joera erreakzionarioak indartzen dituzte eliteek, erroko arazoak ikusi eta horiei aurre egin beharrean, kolektibo zapalduen artean zatiketa eta gorrotoa sortuz. Horregatik,
euskaldunok argi izan behar dugu, euskaldun gisa bizi dugun arazo hau, guztiz lotuta dagoela beste arazo horiekin, erroan kausa berdina dutela. Izan ere, sistema kapitalista basati honek ekosistemak, herriak, kulturak, komunitateak, bizitzak… suntsitzen ditu errentagarritasun- eta homogeneizazio-logiken bidez, gutxi batzuen etekinaren mesedetan. Horregatik argi eta garbi diogu, ez euskaldun bezala bizi dugun zapalkuntza, ez euskaldunon aurkako oldarraldi hau, ez direla fenomeno isolatuak, baizik eta
sistemaren oinarrietan eta joera erreakzionarioen gorakadaren testuinguruan ulertu behar ditugula”.
Euskararen biziberritze-prozesua bultzatu duen borroka oso lotua egon dela bestelako borrokekin ere aipatu zuten, eta euskalduntze-prozesu horren galga nagusia euskarari ezarritako bigarren mailako estatusa izan dela, hau da, ofizialtasun-eza lurralde batzuetan eta hizkuntza hegemonikoekiko koofizialtasun desorekatua eta etengabe mehatxatua besteetan. “Bi irakaspen, eta beraz, bi ondorio aurrera begira: lehenengoa, hurrengo euskalduntze-olatuak, bizi dugun bigarren mailako estatus hori
gainditzeko aspirazioa izan behar duela, eta horrek, ezinbestean, independentzia lortzea eta Euskararen Errepublika eraikitzeko zeregina erdigunera ekartzea esan nahi du; eta bigarrena, bide hori, bestelako borroketan dabiltzan mugimenduen eskutik, eta behetik gora eginen dugula: langile borrokaz, borroka feministaz, antiarrazistaz, sexu-askapen borrokaz eta bestelako borroka askatzaile guztien eskutik”, esan zuten EHEko eledunek.
Alderdi euskaltzaleei “haien ardura hartu dezaten eta euskara bazterretik lehentasunetara ekar dezaten” eskatu zieten. “Eta bestetik, Euskal Herritik, maila eta eremu desberdinetan, mundua aldatzeko borrokan ari diren guzti horiei, euskalduntze olatu berri honetara batzeko: gazte mugimenduei, espazio autogestionatuei, sare komunitarioei, musikariei, artistei, kulturgileei, eduki sortzaileei… borroka desberdinetan dabiltzan norbanako eta talde guzti horiei! Zuen hizkuntza-praktikak berrikusi, hausnartu eta pauso bat harago ematera dei egiten dizuegu. Beharrezko dugun olatu berri honi zuen ekarpena nondik egin dezakezuen pentsatu eta ekin! Gu hemen egongo gara eraldaketa horietan laguntzeko,
eta zuengandik ikasteko prest!”