Langabeziagatiko prestazioen estaldura tasa %31,8an kokatzen da, bere maila baxuena krisia hasi zenetik
Erregistratutako langabeziak behera egin zuen apirilean Hego Euskal Herrian, Enplegu Zerbitzu Publikoen datuek arabera, 2.615 langabetu gutxiago daude orain. 195.440 langabetu daude orain, gehienak emakumeak direlarik (%54,3a).
2016-ko maiatzak 5
Ematen du lan merkatua, urtaroko faktoreek lagunduta, goi-denboraldian sartua dela. Hala ere, inolako langabezia-prestaziorik jasotzen ez duen langabetuen kopuruak gora egin du iazko urte amaieratik.
Egun, Hegoaldeko lau herrialdeetan 135.102 pertsona daude ofizialki langabetutzat joak ez dutenak prestaziorik jasotzen, hau da, 2015 amaieran zeudenak baino 4.057 gehiago. Izan ere, estaldura tasa bere maila baxuenera iritsi da krisia hasi zenetik: %31,8.
Estaldura mailaren jaitsiera larria iraupen luzeko langabeziaren gorakadak (honek langabezia estruktural tasa igotzen du) eta PPren gobernuak langabeziagatiko prestazioen murrizketak sortutakoa da.
Kontratazioarekin lotuta, nabarmendu behar dugu lehen lauhilekoan sinatutako kontratuen %92,6 aldi baterakoa izan dela. Eskandaluzko portzentaia honek adierazten du Hego Euskal Herriko kontratazioaren aldibaterakotasuna Estatuko bataztebestekoaren gainetik dagoela (%90,5). Beste alde batetik, garrantzitsua da kontratuen %40 gutxi gorabehera lanaldi partzialekoak direla.