Lan Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunean sindikatuak manifestatu dira Iruñean
Aurtengo apirilaren 28an, Lan Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunean, langile-klasearen osasuna areago okertu dela salatu dute.
2017-ko apirilak 28
Hego Euskal Herrian iaz 53 langile hil ziren lan istripuz, eta aurten 20 lagun hil dira honez gero. Istripuen kopurua %9 areagotu da 2015 urtearekiko. Hala, euskal gehiengo sindikala osatzen duten sindikatuok kalera irten dira gaur lan osasuna jolasa, denbora pasa, ez dela ohartaratzeko.
Gaixotasun profesionalen ahanztura, emakumeen egoera ikusezina, gobernuek bultzatutako murrizketak, mutuek egin ohi duten negozioa… egoera honi guztiari buelta emateko alternatibak badaudela aldarrikatu dute. “Borondate politikoa besterik ez da behar osasuna babesteko, sistema alternatibo bat garatzeko, lan munduan nagusi den gaixotasuna, prekarietatea, indargabetzeko”, azpimarratu dute.