Lan, pentsio eta bizi baldintza duinen alde kalera atera dira ehunka langile Iruñean
Abenduaren 1aren etorrerarekin, sindikatuak eta hainbat eragilek mobilizazioak egin dituzte goizean Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, arratsaldean herrietan deitutako manifestazioen aurrekari, “Lan, pentsio eta bizi baldintza duinen alde. Lan eta pentsio erreformei ez. Bizi duin baterako burujabetza” leloarekin.
2021-ko abenduak 1
Egungo testuinguruaren inguruko azterketa partekatu ostean, ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde, Hiru, CGT eta CNT sindikatuak ondorio bateratu batera heldu dira: «Garrantzi handiko unea bizi dugu, eta Europako funtsak Damoklesen ezpata bilakatzen ari dira». Horren aurrean, mobilizatzear deitu zuen gehiengo sindikalak, eta gaur goizean manifestazio jendetsuak egin dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Martxek segida izango dute arratsaldean: 35 mobilizazio baino gehiago egingo dituzte hiri, herri eta auzoetan.
Sindikatuek diote «urte bukaerarako hartu nahi dituzten erabakien araberakoak» izango direla «etorkizuneko bizi eta lan baldintzak», eta lan erreforma eta pentsioen erreforma “ezinbesteko baldintzak” direla Europako Funtsak jasotzeko. «Beltzez jantzitako gizon berriek argi berdea eman diezaioten transferentziaren bigarren zatiari erreformak egin behar ditu Espainiako Gobernuak». Egoera hori irauli asmoz sindikatuek, gizarte eragile askoren babesarekin, mobilizazio egun bateratua antolatu dute gaur.
Mobilizazioak deitu dituzten sindikatuak kezkatuta azaldu dira. «Pentsioen erreformarako lege proiektuan erretiro aurreratuan murrizketak ezarri nahi dituzte; ez da inola ere bermatzen 1.080 euroko gutxieneko pentsioa,ez eta genero arrakala gainditzeko ere». Sindikatuek uste dute aurreko urteetan ezarritako murrizketak ez direla indargabetuko, eta pentsio sistema publikoa ez dela sendotuko. «Lan erreformaren nondik norakoak are ilunagoak dira, baina ez dirudi Euskal Herrian gure lan hitzarmenak negoziatzeko eskubidea bermatuko denik, edota indargabetuko direnik aurreko erreformen funtsezko puntuak, esaterako, kaleratzeko erraztasuna». Gehiengo sindikalak dio erreforma horiek baldintzatu nahi dituela mobilizazioaren bidez.
«Pandemian ikasitakoa baztertzen ari dira»
Bestalde, Hego Euskal Herriko erakundeei erreparatu diete sindikatuek; uste dute ez dutela nahi aztertu «ereduaren oinarrizko zutabeak aldatzeko aukera», esaterako, osasun, hezkuntza edo zaintza sistema publikoari dagokionez, «edo premiazko erreforma fiskalari dagokionez». ELA, LAB eta beste sindikatuak kexu dira enpresa eta kapital errentek ordaintzen dituzten zergak apaldu egin direlako, «batik bat enpresen etekinak, ondareka eta fortuna handiak». Haien arabera, Confebaskek eta CENek erabakitzen dute politika fiskala.
«Aurrekontu politika zekenak, zerbitzu publikoen pribatizazioaren aldeko politikak … horrek guztiak adierazten du 2008ko krisialdian eta koronabirusaren pandemian zehar ikasitakoa ez dutela aintzat hartu nahi». Halaber, krisi sanitarioaren kudeaketak «agerian utzi du», manifestarien ustez, sistema autonomikoa «zein hauskorra den». Estatuak bere irizpideak inposatzen dituela argi ikusten dute.
«Gutxi batzuen botere gosearen gainetik, pertsona guztien bizitzak, gure herriaren eta planeta beraren biziraupena erdigunean jarriko dituzten neurri politikoak« aldarrikatu dituzte Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean.