Lan istripuen biktimen omenezko oroitarria inauguratu dute Iruñean
Gaur eguerdian, Arrotxapea auzoan, lan istripuetan hildiren beharginen eta orokorrean langile klasearen omenezko oroitarria inauguratu dute. Herri ekimen batek abiatutako iniziatiba hau Iruñeko Udaletxearen babesa jaso ondoren, oroitarri bat prestatu dute Iruñeko Arte eskolako ikasleek. Gaurko ekitaldian, hainbat lan istripuetan hil diren langileen senideak omendu dituzte.
2019-ko apirilak 26
Igandean Lan eremuan Osasuna eta Segurtasuna bermatzearen aldeko Nazioarteko Eguna da, eta hori dela eta, lanean hildako edo gaixotutako langileen senideek osatutako Langile Oroitarria elkarteak Arrotxapean kokatu den lan istripuetan hildakoen omenezko oroitarria inauguratu dute. Lantokian hildako langile guztien duintasuna eta orokorrean langile klase osoarena aldarrikatu nahi dute oroitarri honekin.
Hamar urte luzez lan egin eta gero, Iruñeko Udalak oroitarri hau jartzeko baimenak eman ditu. Arte Eskolako ikasle eta irakasleak eta aldarrikapen honekin hasieratik bat egin duten sindikatuek ere parte hartu dute (ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT, EHNE eta HIRU).
Ekitaldian gogoratu dute ez dagoele ezer ospatzerik, “lan-esplotazioak bizi kalitate eskasa, gaixotasunak eta heriotza eragiten” dituelako. “Negozioak egiteko edota dirua irabazteko guztiak ez duela balio” aldarrikatu nahi izan dute, eta era berean, gogora ekarri “enpresariek zein instituzioek eremu honetan oraindik ere asko dutela egiteko”.
“Langile klaseak ez ditu lan-esplotazioa eta prekarietatea onartu behar eta inposatu nahi dizkiguten beldurraren eta sumisioaren aurrean altxa behar dugu”, azpimarratu dute.
Azken hamar urteotan lan istripuen ondorioz 143 lagun hil dira Nafarroan eta lan eremuko gaixotasunen ondorioz beste 2.574 lagun inguru, izan ere, Lan Osasunerako Europako Agentziak laneko istripuen ondorioz hildako langile bakoitzeko laneko gaixotasunen ondorioz 18 hiltzen direla kalkulatzen du. Pasa den urtean 21 langile hil ziren lan istripuen ondorioz eta ondorioz 378 inguru laneko gaixotasunengatik eta aurtengo lehen hilabete hauetan jada bi lagunek galdu dute bizia lanean ari zirela (eta ondorioz 56k gaixotasunen ondorioz). “Egoera lazgarri hau zenbakiak eta estatistikak baino gehiago da, datu horien atzean pertsonak eta familiak daude, beren bizipenak dituzten lagunak baina baita negozioa egiteko eta poltsikoak diruz betetzeko egoera hori baimentzen edo sustatzen dutenak ere”, salatu dute.