LABek salatu du Guardia Zibilak foru Gobernuaren Ikasnova plataforma erabili duela ikastetxeak bere lehiaketa batera erakartzeko
2024-ko azaroak 6
LAB sindikatuak adierazi du Guardia Zibilak, izaera militarra duen Espainiako institutu armatuak, Nafarroako Gobernuaren Ikasnova plataforma digitala erabili duela DBHko 4. mailako ikasle nafarrak zibersegurtasunaren inguruko bere lehiaketa batera erakartzeko. Uste dute, gainera, Hezkuntza Departamentuarekin elkarlanean egin dutela. Beraz, sindikatuak salatu du guardia zibilek ikasleen ikasketa prozesuan parte hartzeadesegokia dela, eta horregatik hezkuntza komunitateari dei egin dio halakoetan kolaboratu ez dezan.
Izan ere, Hezkuntza Departamentuak kudeatzen duen Ikasnova plataforma digitalaren bidez Nafarroa Garaiko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe guztietara ailegatu da Guardia Zibilaren egitasmoa, administraziopeko ikastetxeetara zein itunpekoetara. Eta gainera azaldu dute, institutu armatuaren lehiaketa honen azken fasea Aranjuezen (Madril, Espainia) jokatuko dutela, guardia zibilen akademian.
LAB sindikatuaren iritziz, lekuz kanpo dago erabat Nafarroako ikastetxeek Hezkuntza Departamentutik jaso duten proposamen hau, eta Carlos Gimenok zuzentzen duen sailari exijitu dio berriz halakorik zabal ez dezan, ikasgeletan ez baitago Guardia Zibilaren batere beharrik.
Sindikatutik salatu dute, Espainiako institutu armatu honek Euskal Herrian duen itzal iluna eskoletako geletan zuritzeko enegarren saiakera dela lehiaketa hau. Horren harira, LABek gogorarazi nahi izan ditu
Guardia Zibilak Nafarroako hezkuntza komunitateko ehunka kideren aurka egin izan dituen ekintzak. Baieztapen horren inguruko adibide bat jarriz gogorarazi dute irakasleak bere joera politiko edo ideologikoen arabera bere garaian sortu zituen zerrenda beltzak, ondoren, lau haizetara zabalduak
izan zirenak, hainbat hedabideren laguntzari esker. Horregatik LABek onartezintzat hartu du, langileen eskubideak horren modu zantarrean urratu dituen erakunde bat eskoletan goratzen jardutea. Beraz, sindikatuak Hezkuntza Departamentuari dei egin dio, horren balio atzerakoiak defendatzen dituen eta Nafarroako irakasle zein ikasleak erreprimitzen eta kriminalizatzen ibili den erakunde militar horren ekimenekin kolaboratu ez dezala. Eta bukatzeko, hezkuntza komunitate guztiari kontu honekin adi egotea eskatu dio, antolatutako lehiaketa horretan parte ez hartuz eta gisako egitasmoak zalantzarik gabe salatuz.