LABek salatu du estatalizazioa lan baldintzak prekarizatzeko tresna dela eta berretsi du greba orokorrerako deia
Hitzarmen estatalen menpe lan egiten duten langileek kaleak hartu dituzte gaur. Hego Euskal Herriko hiriburuetan ekintza bana egin dute, euren lan baldintzak hemen erabaki nahi dituztela aldarrikatzeko eta martxoaren 17ko greba orokorrera dei egiteko.
2026-ko otsailak 5
Telemarketineko langileek, biltegi handietakoek, Mercadonakoek, Diakoek, McDonaldsekoek, KFCkoek… guztiek dute komunean gauza bat: euren lan baldintzak Espainiako Estatuak arautzen dituela, eta hori baliatzen dela euren lan baldintzak prekarizatzeko. Izan ere, Euskal Herrian dagoen indar korrelazioa indargabetzen dute, erabakitze markoa Madrilen kokatuz.
Gainera, ez da kasualitatea sektore eta enpresa horietan lan egiten dutenen gehiengoa emakumeak, arrazializatuak edo migratuak izatea, gutxiagorekin bizi ahalko balute bezala.
Azkenaldian, gainera, patronal estatalak sektore berriak asmatzen dihardu, estatalizazioa gauzatzeko beste modu bat mahaigaineratuz. Restauración moderna eta Arte sektoreak dira horren adibide, enpresa konkretu batzuentzat ad hoc sorturiko hitzarmenak. Horrela, McDonald’s, KFC eta Goiko bezalako enpresek ez dute ostalaritzako herrialdeko hitzarmena aplikatzeko beharrik, eta, hala, langileek baldintza askoz okerragoak izango dituzte Euskal Herrian ostalaritzan jarduten duten gainerako langileekin alderatuta.
Espainiako Estatuko hitzarmen gehienen soldatak 1.500 euroko LGSren oso azpitik daude: saltoki handien hitzarmenean %18 beherago; telemarketinean %26; gimnasioetan %23; birziklapenean %21; errestaurazio modernoan %31; uren zikloan %10…
Horregatik, langile horiek kalera atera dira LAB sindikatuarekin batera, egoera hori iraultzera doazela ozen esatera. Beraiek arautu nahi dituzte euren lan baldintzak, soldatak hemen erabaki nahi dituzte eta, gutxienez, 1500 euroko soldata nahi dute.
Lau ekintza egin ditu LABek, hori aldarrikatzeko. Hernaniko Mercadonan salatu du langileek ezin dietela oinarrizko gastuei aurre egin haien miseriazko soldatekin. Bilbon, sindikatuak hainbat enpresa seinalatu ditu Santa Ageda eguneko koplak moldatuta. Gasteizen, jatetxe kate handiak seinalatu ditu. Eta Iruñean hainbat enpresa interpelatu ditu. Hala, estatu mailan hemengo ordezkaritzarik gabe negoziatu duen orori abisua eman nahi dio LABek:
• Ez dugu onartzen beste inork gure lan eta bizi baldintzak arautzea.
• Hemen erabaki nahi dugu.
• 1.500 euroko soldata nahi dugu, gutxienez.
Horregatik, martxoaren 17ko greba orokorra aipatutako langile horiek lan eta bizi baldintza duinak izateko duten eskubidea aldarrikatzeko eguna ere izango da, eta baita estatalizazioaren kontrako eta lan baldintzak hemen, Euskal Herrian, arautzearen alde mobilizatzekoa ere.
