LABek oso ontzat jo du Nafarroako Ekintza eta Esku-hartze Sozialeko bigarren hitzarmenerako lorturiko aurreakordioa

2025-ko otsailak 6

Negoziazio luze baten ondoren, LAB sindikatuak, Nafarroako Ekintza eta Esku-hartze Sozialean ordezkaritzaren %70 inguru duenak, akordio bat lortu du patronalarekin sektoreko bigarren hitzarmena sinatzeko. LABek oso positiboki baloratzen du hitzarmen hau, 2025-2028 urteetan indarrean egonen dena, sektoreko langileen lan eta bizi baldintzak “nabarmen” hobetzen dituelako. Gaur egun, 2.000 langile inguru dira Nafarroan.

Hitzarmenaren berrikuntza nagusietako bat da hitzarmenaren bukaeran orduak parekatuko direla funtzio publikoko txanda normalizatuenekin; izan ere, 2028. urtean Esku-hartze Sozialeko langileek urteko lanaldi efektiboko 1.592 ordu izanen dituzte. LABek Esku-hartze Sozialeko langileak administrazio publikoko langileak izatea aldarrikatzen du, euren lana nahitaezkoa baita zerbitzu publikoak behar bezala garatzeko, baina pribatizatuta daude. Hori dela eta, negoziazio honetan LABek borroka egin du bere baldintzak sektore publikoko langileenekin ahalik eta gehien parekatzeko.

Soldaten taulari dagokionez, 2025 honetarako %2,4ko gutxieneko igoera sinatu da, baina Nafarroako 2024ko KPIa %2,7koa izan denez, KPIaren igoera aplikatuko da. Gainontzeko urteetarako akordioa da urtean gutxienez %2 igotzea, baina Nafarroako KPI altuagoa izanez gero KPI aplikatuko da.

Urtebete baino geihago iraun duen negoziazio honetan lortu da, halaber, baja guztiak % 100ean osatzea lehen egunetik kasu guztietan. Era berean, prestakuntza-programetako langileek gehienez 1.408 orduko lanaldia izanen dute urtean, eta plus bat.


Plus berriak eta plusen baten bateragarritasunak txertatzea ere lortu da.

Hobekuntza sozialei dagokienez, langileen legezko ordezkariekin barne-sustapeneko prozedurak negoziatzeko akordioak lortu dira, ordu osagarriak hobeki arautzea, erabiltzaileekin gatazkarik izanez gero langileei orientazio juridikoa ematea, hala adierazten duten eskaera guztiak jaso izana adierazteko betebeharra ezartzea enpresei, opor-egun bat gehiago, langileen (batez ere haurdunen) babesa hobetzea, bertzeak bertze.

Era berean, azpimarratu behar da akordio honekin, 4. taldeko langileek beren soldata-baldintzak administraziokoekin ia parekatuta izanen dituztela, eta gainontzeko taldeek lortzen dutela langile publikoekiko aldea txikitzen joatea.

LAB sindikatuak ez du zalantzarik. “Hau guztia posible izan da sektoreko langileek irailetik abendura bitartean eginiko mobilizazioei esker, hilabete horietan elkarretaratzeak, manifestazioak, enpresetan ekintza zehatzak eta abar egin baitziren. Hori gakoa izan da sektorean egiten den lanaren garrantzia ikusarazteko orduan, eta modu horretan patronala konbentzitu dute akordio horiek lortzeko”.

Ez da ahaztu behar Esku-hartze Sozialeko sektoreak urte batzuk daramala mobilizazio eta grebak egiten, eta horrekin gainditu ahal izan dutela Nafarroako Gobernuak jarritako “zailtasunak”. LABek salatu du jarrera hau.

ELA eta CCOO, akordioaren aurka

ELA eta CCOO sindikatuek ez dute akordioa babestu, gutxiegi iruditzen zaie lortutakoa. ELAk deitoratu egin du Esku-hartzearen bigarren Hitzarmenak hainbat kolektibo bere aplikazio-eremutik kanpo uzten jarraitzea. Zehazki, aplikazio-eremutik kanpo geratu dira gizarteratzea, kooperazioa eta garapenerako lankidetza edo droga-mendetasunari arreta ematea bezalako kolektiboetako langileak. Hala eta guztiz ere, akordioa LAB eta UGT sindikatuek sinatu dute, ordezkaritza sindikalaren geihengo osoa dutenek.

Gehiago