LABek mobilizatzen jarraitzen du Nafarroako zahar etxeen hitzarmena behingoz gauzatzea exijitzeko, haren aldarrikapenak lau urte beteko baititu laster

LAB sindikatuko kideek eta zahar egoitzetako langileek mobilizazioa egin dute gaur Iruñean Nafarroako Gobernuaren egoitza nagusitik Parlamenturaino, foru erkidegoko sektore horretako lehen hitzarmena behingoz gauza dadila eskatzeko. Urtarrilean beteko dira lau urte LABek aldarrikapen horri buruzko lehen pankarta zabaldu zuenetik eta sindikatu honen ustez ez da urte berria hasten uzten ahal hitzarmena gauzatu gabe. Helburu horrekin, LABek hainbat mobilizazio eta lanuzte egin ditu eta eginen ditu urrian, azaroan eta abenduan.

2024-ko azaroak 8

LABen gaurko mobilizazioa Nafarroako Gobernuaren egoitza nagusitik Parlamenturaino joan da, gatazka honetan hainbertze errateko duten bi erakunde horiek interpelatzeko. Azaroaren 22an, LABek elkarretaratzea eginen du CEN Nafarroako Enpresarien Konfederazioaren egoitzaren aitzinean, hitzarmena dagoeneko sinatuta ez egotearen erantzule nagusia baita. Eta, azkenik, abenduaren 13an eta 20an bi orduko lanuzteak eta lantokietan elkarretaratzeak egitera deitu ditu LABek zahar etxeetako langileak.

LABek uste du uda aurreko mobilizazioei esker lortu zela patronalek mahai gainean paratzea proposamen bat, gutxienez hitz egin ahal izateko abiapuntua zena. Zoritxarrez, proposamen hura diru publikoari lotuta zegoen soilik. Patronalak ez baitu inolaz ere gure nagusien zaintzaren negozioaren bidez lortutako irabaziak inbertitzeko asmorik, nahiz eta irabazi horiek sektoreko langileak gehiegizko lan baldintzekin mantentzetik ateratzen dituen: lanaldi amaigabeak, soldata prekarioak, ezinezko familia kontziliazioak, eta abar.

Ildo horretan, LABek Nafarroako Gobernuari dei egiten dio bertze alde batera ez begiratzeko eta diru publikoa jasotzen duten zahar etxeetako patronalei exijitzeko dituzten irabaziak sektoreko lan baldintzak hobetzeko erabil ditzatela.

Erran bezala, LABek duela ia lau urte hasi zuen borroka da hau, denbora honetan guztian etenik izan ez duen borroka, erakutsiz hau sektore mobilizatua dela. Baina borroka ez da langileena bakarrik. Hau herritar guztien borroka da, lehenago edo geroago guk edo gertuko norbaitek zahar egoitzak erabiliko ditugulako. Guztiok zainduak izanen gara gure bizitzako uneren batean, eta zaintzen dutenek kalitatezko zaintza eskaini ahal izateko, beharrezkoa da kalitatezko lan baldintzak izatea.

Gehiago