LABek Lan Ikuskaritza interpelatu du Glovoko aferari buruz eta langile baten erreklamazioa auzitegira eraman du

Abuztuan soldatapeko langile aitortzeko rider baten kasua Lan Departamentuan salatu ondoren, enpresa ez zen kontziliazio saiora aurkeztu. Horregatik gaur eskaria auzitegian erregistratu du LABek, eta bide batez a Lan Ikuskaritzan Glovoren kontrako salaketa sartu du.

2019-ko irailak 6

Hau soilik pertsona baten erreklamazioa ez izatea nahi dugu, eta horregatik gaur interpelatzen dugu Lan-Ikuskaritza. Dagoeneko Lan Ikuskaritzak enpresa hauen langileak soldatapekoak izan beharko zirela aitortu du herrialde desberdinetan, Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean kotizatu behar dutela azalduz. Honen inguruko azken aipamena Granadan izan da SAT sindikatuak salaketa sartu ondoren, eta 180 rider-eko talde bati eragiten dio.

Rider-ak soldatapeko langilearen izaera aitortu behar zaiela esaten duten erabaki hauek ikusirik, baita auzitegi desberdineko epai ezberdinak ere (Goiko Auzitegi batena barne), Nafarroan Lan Ikuskaritzaren ordua dela uste dugu. Enpresa honek egiten duen autonomo faltsuen erabilera maltzurra, Nafarroan ere iker dezaten unea iritsi da, enpresa gure herrialdean 10 hilabete daramatzalarik.

Nafarroan, 100 langile baino gehiago dira Glovon la egiteko autonomo izatera behartuak direnak, nahiz eta guztien kasuan negoziaziorik ez egon kontratua sinatzerakoan eta lan egiteko ezinbestekoa den tresna (riderren aplikazioa) soilik enpresak kontrolatzea. Errealitate hauek agerian uzten dute langileek enpresarekiko duten harremana mendetasun handikoa dela eta besteren kontura kontratatuak izan beharko liratezkeela.

Kapitalismoa digitalaroan prekarietate eredu hau bultzatzen ari da banatzaileen arloan, baina beste jarduera askoetara esperimentu hau zabaltzea da haien interesa. LAB sindikaturako ezinbestekoa da prekarietate basati honen zabalpena blokatzea, lan eskubide guztien gainetik pasatzen duena, langileen arteko lehia eredua bultzatzen duena eta sistema publikoa degradatzen duena kotizazioen ordainketa saihestuz.

Langileen esplotazio eta tratu txarrean oinarritzen diren eredu berriei aurre egitea baita herriari egiten zaion iruzurrarekin bukatzea, lehentasunezkoa izan behar da, bukaezina izan daitekeen lan eskubideen sarraskia sahiesteko helburu.

Gehiago