LABek karrera profesionala guztiontzat exijitu du

2024-ko irailak 19

Sindikatuak Nafarroako Parlamentuaren aurrean elkarretaratzea egin du gaur goizean helburu bikoitz bati jarraiki: batetik, ateez bestaldean izenpetu behar zen akordioa ospatzeko, zeinaren bitartez Osasunbideko 3.000 langile baino gehiagorentzako karrera profesionala onartuko baita; eta bestetik, eskubide hori bera gainerako langileentzat ere zabal dadila aldarrikatzeko. Egun historikoa dela nabarmendu dute, borroka sindikalaren beharra eta garrantzia azpimarratzearekin batera.

LAB sindikatuak beti egin du Osasunbideko langile guztiak modu ekitatiboan eta bidegabekeriarik gabe aitortzearen alde, eta hala berretsi zuen 2023ko martxoan, greba amaitzeko akordioan. Eragozpen eta negoziazio luzeen ondoren, akordio haren zati bat betetzeko eguna iritsi dela nabarmendu dute, eta hala, LABen ustez gaurkoa funtsezko urratsa da Osasunbideko langile guztientzat, osasun-arloko langileentzat eta osasun-arlokoak ez direnentzat, karrera profesionala ezartzeko.

Nabarmendu dute LABek lortutako akordioa lehen urratsa baino ez dela, eta gaineratu Osasunbidean 2.600 profesional daudela oraindik karrera profesionalaren zain. Izan ere, Osasunbidearen arazo nagusienetako bat horixe dela nabarmendu dute, profesional horien errekonozimendua falta: 1.500 administrari, zerbitzu orokorretako 500, 155 gizarte-langile, mantentze-lanetako langileak, informatikariak, telefonistak, kudeaketa-teknikariak… LABek defendatu du guztiek garrantzi bera dutela osasun-zerbitzu publikoa emateko tenorean, eta hala, merezi duten errekonozimendua jaso behar dutela. Hori dela eta, Parlamentuaren aurrean bildutako langile sanitario eta ez sanitarioek premiazko ebazpena eskatu dute, Osasunbideko langile guztientzat eta baldintza berberekin.

Sindikatuaren arabera, beste urrats batzuk ere eman behar dira araudia garatzeko, Osasunbideko langile guztien eginkizunak definituko dituen tresna bat taxutzeko. Tresna horrek behar diren mekanismoak artikulatuko ditu arlo publikoan kalitatezko prestakuntza bermatzeko eta langileek Osasunbidearen helburuetan benetan parte hartuko dutela bermatzeko, irizpide zuzen eta objektibo batzuekin, horrela soilik emanen baitzaie amaiera urte askoan iraun duten agrabioei. Administrazioari gogorarazteko beharra ere adierazi dute ezen medikuek eta erizainek badutela aukera hori, duela hamarkada batzutatik hasita, eta Osasunbide osorako errealitatea izan behar duela lehenbailehen.

LABek karrera profesionala langile guztientzat ezartzeko borrokan jarraituko duela gaineratu dute, bai eta adi egongo direla Osasunbideko edozein kolektibo edo profesionali eragin diezaiokeen edozein bidegabekeriaren edo eskubide-galeraren aurrean.

Azkenik, adierazitako helburuak aintzat hartuta, laster egingo diren aldarrikapen-dinamiketan parte hartzera animatu dituzte langileak, Osasunbideko langile guztien errekonozimendua berdintasun baldintzetan lortzeko. Horregatik, helburu horietara iritsi ahal izateko, langile guztien inplikazioa eta babesa eskatu dituzte “sanitarioaren” eta “ez sanitarioaren” artean bereizketarik egin gabe. Izan ere, azpimarratu nahi izan dutenez, “borrokaren eta mobilizazioaren bidez bakarrik lortzen dira helburuak”

Gehiago