LABek agropekuarioko hitzarmenerako akordioa lortu du, Nafarroako landa eremurako lan-hobekuntza garrantzitsuak dituena

Hitzarmenak 2023, 2024 eta 2025 urteetako lan baldintzak arautuko ditu eta, bertzeak bertze, bi eguneko asteko atsedenaldia sartuko du; horren karietara mobilizatu zen LAB iragan igandean.

2024-ko urtarrilak 23

Azken hilabeteetan LABek adierazi izan duen bezala, sektore honetako hitzarmenak lan-baldintzak benetan hobetzeko balio behar zuen. Eta balio izanen du, akordio honetan jasotzen baitira LAB sindikatuak eta sektoreko langileek negoziazio-mahaian eta kalean defendatu dituzten aldarrikapen nagusiak.

Nafarroako nekazaritza eta abeltzaintza lan zentroetako hitzarmenaren negoziazioaren hasieratik, LAB sindikatuak zenbait hobekuntza eskatu izan ditu, agropekuarioko langileentzako lan eta bizitza duina bermatzeko, eta gaur horietako gehienak sartzea lortu da.

Alde batetik, sektoreko soldatak KPIari lotuta igotzea lortu da, horrela kontsumo-prezioek egiten duten bezala igotzea bermatuz, eta igande eta jaiegunetako lanagatik ordainsari ekonomikoak hobetu dira. Lanaldia ere zortzi ordu murriztuko da, eta langileek denbora libre gehiago izanen dute beren bizitzarako eta atsedenerako.

Gainera, iruzurraren eta prekaritatearen aurkako neurriak jasotzen dira hitzarmenean, hala nola lanaldiaren kontrola modu digitalean 15 langile baino gehiagoko enpresa guztiendako, eta aldizkako kontratu finkoetarako baldintzak hobetzen dira, eta langileek lanik gabeko egunetan langabezia kobratzeko duten eskubidea bermatzen da.

Bertzalde, lortu dugu patronalak agropekuarioko langile gehienen jatorria kontuan hartzea, jatorrizko herrialdean egon daitezkeen senideen ospitaleratzeei edo heriotzei lotzeko baimenak hartzeko aukera izanen baitute.

Gainera, bi lantalde sortu dira, data eta helburu zehatzekin. Horietako bat hitzarmenaren kategoriak, horien erabilera eta igoera aztertzeko izanen da, bai eta peoi-biltzailearen kategoria kentzeko asmoz ere (patronalak, zerbitzu-enpresek eta ABLEek langileak esplotatzeko erabiltzen dutena). Bertzean, muturreko hotz eta bero egoeretarako protokoloak landuko dira, sektoreko enpresendako neurri eraginkorrak eta nahitaez bete beharrekoak arautzeko eta jazarpen egoerak prebenitzeko.

Gehiago