LAB sindikatuak azaroaren 12an eta 14an bi orduko lanuzteak egitera deitu ditu Irurtzungo Hydro Extrusion enpresako langileak

LAB sindikatuak bere desadostasuna agertu nahi du UGT eta CCOO sindikatuek Irurtzungo Hydro Extrusion enpresarekin lan kategorien harira lortu duten akordioaren aurrean.

2019-ko azaroak 6

LABeko ordezkariek deituta, langileek ordubeteko lanuztea egin zuten erenegun. Eta sindikatuak txanda guztietan bi orduko lanuzteak egitera deitzen ditu langileak azaroaren 12rako eta 14rako.

Akordio horrek ez dio ematen konponbidea krisiaren aitzakiaz enpresak duela urte batzuk hartu zituen neurrien ondorioz sortu den egoerari. Gaur egun lantokian bi mailako langileak daude, enpresan krisialdia aurretik sartu zirenak eta krisiaren ondotik sartu direnak, eta erdietsitako akordioak ez du amaitzen soldata arrakalarekin eta oraindik gehiago banatzen dira langileak kategoria ezberdinetan.

Akordioak langileen artean desadostasuna ekarri du, eta horren adierazle argia da langileek akordioaren aurka egin duten sinadura bilketa. Akprdioak gutxi batzuen egoera baino ez du hobetuko, partzialki. Desberdintasunak langileoi kalte egiten digute eta bakarrik patronalari egiten dio mesede.

Langile askok nahiz eta beste langile batzuek egiten duten lan berbera egin gutxiago kobratzen dute. Akordio horrekin egoera horrek berdin jarraituko du eta ez da ezer aldatuko. Uste dugu egiten ditugun funtzioen errekonozimendu bat egon behar duela, bakoitzak dagokion kategoria izan dezan.

Horregatik guztiagatik tailerreko gehiengo baten eskaerari jarraikiz, atzo ordubeteko lanuztea egin zuten langileek, 13:30etik 14:30era. Ordu horretan elkarretaratzea eta batzarra egin zituzten langileek, eta erabaki zuten azaroaren 12an eta 14an bi orduko lanuzteak egitea txanda guztietan.

LABek beste akordio bat nahi du, langileen funtzioak aitortuko dituena eta soldata ekiparazioa bilatuko duena.

Gehiago