LAB: “Nafarroako Metaleko hitzarmena borrokatzeari uko egitearen ondorio garbia izan da”

UGT eta CCOO sinatutako Nafarroako Metaleko hitzarmenaren aurreakordioaren inguruko iritzia plazaratu du LABek, eta argi eta garbi utzi nahi izan dute "erregimenaren sindikatuek, langileen behar eta interesei erantzuten ez dien Metaleko hitzarmen bat" sinatu dutela "beraien aliatu nagusiarekin, patronalarekin".

2022-ko urriak 27

LABek dio sindikatu hauen aldetik ez dela borondaterik izan gehiengo sindikalarekin batera borrokatzeko. “Honek zuzenean suposatzen du lortutako edozein emaitza, soldata igoerarena adibidez, hobetzeko aukera zegoela eta horri uko egin zaiola. Beraz, LABetik egiten dugun balorazioa ez da ona izaten ahal”.

LABentzat bereziki larria da lorpen moduan saldutako hainbat punturen ordainsaria. “Ordainsari horietako bat, garbiena, malgutasunaren erregulazio berria da, hau handituz, bere erabilera erraztuz eta konpentsazioa prekarizatuz”. Baina LABek zehaztu denez, bidean gelditu dira bere ustez funtsezkoak diren hainbat alor: subrogazioa, ABLEen erabileraren mugatzea, lanaldi murrizketa… “Azken hori etorkizunerako ezinbertzeko gaia iruditzen zaiguna, enplegua mantentzeko eta zaintza lanak banatzeko ere”, gehitu du sindikatu abertzaleak.

Bestetik, hitzarmenean gomendio moduan bilduko den beste puntu batean agertzen den 55 urterekin lanaldia murrizteko aukera ere kritikatu dute, soldata murrizketarekin lotzen delako.

“Adostutakoa nahiko genuena ez bada ere, orain aitzinera begiratzeko garaia da, eta horretan bi kontu aipatu behar ditugu, alde batetik hitzarmen sektorialak batasunean oinarritutako hitzarmenak direla eta ahalik eta langile gehien babestu behar dituztenak, horregatik, gure ustez, duela hilabete batzuk aipatzen hasi ginen moduan, Iturgintza eta Konponketa Tailerrak bezala hitzarmenak (bien negoziazioak irekita daude, baina blokeatuta) Metalera itzuli beharko ziren, sektore txiki hauei babes handiagoa emateko eta hurrengo hitzarmenean indar gehiago batzeko hitzarmen duin baten alde”, iritzi du LABek.

UGTek eta CCOOk Metalean duten gehiengoa %53 da, eta langileriaren lan baldintzak hobetze aldera “gutxirako balio duela frogatu da”, LABen ustetan, eta 2022-2023ko hauteskunde sindikaletako epealdi trinkoan indarrak biltzea funtsezkoa izanen dela dio sindikatuak.

Gehiago