LAB: “Nafarroa suspertzeko edozein planek egungo eredu sozioekonomikoa eraldatu behar du, langileak babestuz eta ez kapitala”

Nafarroako Gobernuaren "Nafarroa Suspertu" plana kritikatu du LAB sindikatuak, eta edozein planak egungo eredua gainditu behar duela dio sindikatuak, "kapitala babestu beharrean langileak babestu behar" dituela azpimarratuz. Horretarako enplegua babestea, bizitzak erdigunean jartzea eta politika fiskal berri bat ezartzea proposatzen du LABek.

2020-ko maiatzak 26

Nafarroako Kontseilu Ekonomikoa eta Sozialak bilera eginen zuen atzo heldu den asteazkenean Gobernuaren Nafarroa Suspertu plana aztertzeko. LAB sindikatuaren ustez, Gobernuak aurkeztu duen hasierako dokumentuaren norabidea “betikoaren jarraipena da”, krisi honetara ekarri gaituen sistemaren jarraipena”. Halaxe adierazi zuen Imanol Karrera sindikatuko bozeramaileak Iruñean eman zuen prentsaurrekoan, eta halaxe adieraziko du asteazkeneko bileran. Karreraren hitzetan, “Nafarroa suspertzeko edozein planek egungo eredua gainditu behar du nahitaez, eta kapitala babestu beharrean langileak babestu behar ditu”.

Ikuspegi eraldatzaile horretatik abiatuta, LAB sindikatuaren aburuz eta Karrerak azaldu zuenez, Nafarroa suspertzeko planak hiru helburu nagusiri erantzun beharko lieke. Lehenik, “enplegua suntsitzeari, lan-baldintzak okertzeari, laneko osasunari eta krisiaren ondorio sozial larriei aurre egiteko lehentasunezko neurriak eztabaidatu eta adostu behar dira”. Bigarrenik, “beharrezkoa da pertsonen eta naturaren zaintza kontuan hartuko duen eta bizitza erdigunean jarriko duen eredu berri baterako trantsizioa hastea”. Eta hirugarrenik, “politika fiskala aldatu behar da aberastasuna hobeto eta zuzenago banatzeko plan bat ezarriz”.

LAB sindikatuaren ustez, Covid-19ak eragindako osasun-krisiak eta gizarte-larrialdiak agerian utzi du “kapital-gatazkan oinarritzen den sistema kapitalista gaixorik” dagoela eta langileen osasuna eta bizitzak “arriskuan jartzen” dituela. “Pandemia horrek ekarriko duen krisi ekonomiko, politiko, sozial eta laborala sistema kapitalistaren ondorio zuzena da. Horregatik, uste dugu ezin dela suspertu edo berreraiki krisi honetara eraman gaituen sistema bat, ez ekonomikoki ez sozialki. Eraldatzeko beharra dago”, azpimarratu zuen Karrerak.

Nafarroako Gobernuak partekatu duen “Nafarroa Suspertu Plana”ren egiturari buruzko hasierako dokumentuaren norabidea betikoarekin jarraitzea dela dio sindikatuak. “Europako S3 estrategia neoliberalean oinarritutako plan horrek autogobernua defendatzen du soilik enpresaburuen interesak defendatzeko bada, eta lankidetza publiko-pribatua zerbitzu publikoak indartzearen aurretik jartzen du”, salatu zuen LABeko bozeramaileak.

LAB sindikatuaren hitzetan edozein planek egungo eredua gainditu behar du nahitaez “kapitala babestu beharrean langileak babestu behar direla” azpimarratuz, eta ikuspegi eraldatzaile batetik hiru helburu nagusiri erantzunez: Enplegua suntsitzeari, lan-baldintzak okertzeari, laneko osasunari eta krisiaren ondorio sozial larriei aurre egiteko lehentasunezko neurriak eztabaidatzea eta adostea; Pertsonen eta naturaren zaintza kontuan hartuko duen eta bizitza erdigunean jarriko duen eredu berri baterako trantsizioa hastea, eta lan guztiak aitortu eta banatuko dituen eredu bat, zerbitzu publiko duinak bermatuko dituena (osasuna eta zaintzak) eta ekoizpen-ereduaren eta kontsumo jasangarriaren alde egingo duena; Finantziazioari dagokionez, aberastasuna hobeto eta zuzenago banatzeko plan bat behar dela dio LABek, diru gehiago eta modu progresiboagoan bilduz, errenta altuak, enpresa-etekinak eta kapitala gehiago zergapetuz.

Nafarroan erabaki

Nafarroarentzat herritarrek nahi duten eredu ekonomiko eta soziala erabakitzeko eskubidea aldarrikatu du berriz ere sindikatuak, eta dei egiten dio Nafarroako Gobernuari eragileen eta gizarte-mugimenduen parte-hartze eraginkorra ahalbidetzera, erakunde-esparruetatik harago. “Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluak ezin du kendu langileen erronka horietan parte hartzeko eskubidea, patronalaren inposaketen mesedetan”, dio sindikatuak.

Gehiago