LAB: “Estatua ez dago prest aldaketak ekarriko dituen prozesu demokratiko batean sartzeko”
"Auzi politiko guztien amaiera exijitzen dugu, herrien erabakitzeko eskubideak eskatzen duen konponbide demokratikoaren bidean", esan du LAB sindikatuak.
2020-ko abenduak 14
Bateraguneko epaiketa ez zen inpartziala izan, eta hori ez du LAB sindikatuak soilik esaten, Estrasburgoko auzitegiak hala ebatzi zuen, Euskal Herrian beti argi izan dugun baieztapena berretsiz. Bada, errealitateak fikzioa gainditzen jarraitzen du, Espainiako Auzitegi Gorenak Bateraguneko auzipetuak berriro epaitzeko hartutako erabakiarekin. Espainiak justizia modu injustuan erabiltzen jarraitzen du; herrien erabakitzeko eskubidea termino demokratikoetan konpontzeko eskaintzarik gabe jarraitzen du; eta jarraitzen du etengabe eskubide zibil eta politikoak bidegabeki urratzen.
Estatua ez dago prest aldaketak ekarriko dituen prozesu demokratiko batean sartzeko. Herria bake bidean jartzeagatik bost lagun espetxeratu eta zigortzea basakeria izan bazen, disparate politiko eta juridikoa da berriro epaitzea. Eskandalu bat da.
Herrien erabakitzeko eskubideak eskatzen duen konponbide demokratikoaren bidean, auzi politiko guztien amaiera eta preso politikoen askatasuna eskatzen dugu LABetik. Arrazoi asko ditugu, gehiegi, mobilizatzen jarraitzeko.