La Vueltan Israelen aurkako protesta egiteagatik 4 pertsona deitu dituzte deklaratzera
2025-ko azaroak 30
Agoizko Instrukzio Epaitegiak ikertu gisa deitu ditu Irunberrian La Vuelta igarotzean Palestinaren aldeko protestan parte hartu zuten lau pertsona. Abenduaren 18an joan beharko dute epaitegira, eta jakitera eman dutenez lesioak, zirkulaziorako arriskuak sortzea, agintaritzari aurre egitea edo desobedientzia, eta desordena publikoak leporatzen dizkiete.
Auziperatuek “Palestinaren alde ahotsa altxatzeagatik gu kikiltzeko saiakera zuzena” dela salatu dute. Palestinaren aldeko elkartasuna eta Israelgo Estatuko txirrindulari taldearen aurkako salaketa eta boikot ekintza izan zela berretsi dute, eta Foruzaingoari “kriminalizazio operazioa” antolatu izana leporatu diote.
“Gizarte osoari dei egiten diogu tinko mantentzera, errepresioaren aurrean atzerapausorik ere ez ematera. Isuna jaso, identifikatu edo zitazioa jaso duten pertsona guztiak gonbidatzen ditugu salatzera eta euren egoera azaleratzera. Ez zaudete bakarrik. Kolektiboki antolatu, babestu eta erantzungo dugu”, dio zabaldu duten oharrak.

Palestinarekin elkartasuna ekimenaren elkarretaratzeak Iruñean eta Altsasun
NBEk partizio plana sinatu zuenetik 78 urte bete direnean, eta bi estatuen “irtenbide faltsua” salatzeko elkarretaratzeak egin ditu Palestinarekin Elkartasuna Euskal Herriko hiriburuetan eta hainbat herrietan asteburuan zehar. Nafarroan, Iruñean eta Altsasun izan dira mobilizazioak. Horietan su etena faltsua dela eta palestinar erresistentziari babesa eskaini diote.

