La Vueltan “Israel Premier Tech” taldeari boikota egitearen akusaziopean hainbat ekintzaile salatu dituzte

2025-ko urriak 8

Espainiako txirrindularitza itzulia Nafarrotik pasa zenean “Israel Premier Tech” taldeari boikota egitearen akusaziopean hainbat pertsonen aurkako prozesu judiziala ireki dela salatu dute. Foruzaingoak deklaratzera deitu baditu ere “desobedientzia zibilerako eskubidea erabiliz” uko egin diote zitazioari eta ez dira aurkeztu polizi etxean. “Hori dela eta, edozein unetan atxilotu eta epaiketara eramanak izan gaitezke, erregimen sionistarekiko konplizitate instituzionala gero eta nabarmenagoa eta lotsagarriagoa egiten den testuinguru batean”, ohartarazi dute.

Maria Chivite, Nafarroako Gobernuko presidentearen jarrera hipokrita dela ere nabarmendu nahi izan dute. “Palestinarekiko elkartasunez eta Israelgo estatuarekiko boikota eta harreman haustura babesteko manifestazioetara joaten den bitartean, bere administrazioak eskakizun horrekin koherente jokatzen dutenen aurkako jazarpen judiziala ahalbidetzen —eta legitimatzen— du. Moral bikoitzerako lekurik ezin da egon: ezin da argazkian kufiya batekin agertu Palestinako genozidioaren aurkako protesta kriminalizatzen den bitartean”.

Boikot kanpainetan parte hartzen duten pertsonen aurka irekitako kausa guztiak berehala artxibatzea eskatu dute auziperatuek, eta boikot kanpainekin jarraitzeko deia egin dute, kanpaina hauek fruituak ematen dituztelako, La Vueltaren amaierak erakutsi zuen bezala.

“Lorpen hau ez da kasualitatea eta erakusten du herri mobilizazioa, Palestinarekiko konpromisoa eta elkartasun aktiboa gure tresnarik hoberenak direla zapalkuntzari aurre egiteko. Eta ez dadila zalantzarik egon: hau hasiera baino ez da.”

Gehiago