Korrikaren azken urratsa, Baionan izanen den besta handia

Baionako Askatasun plazan bukatuko da KORRIKAren 23. edizioaren 2.500 kilometroko ibilbidea, hilaren 24an. Lapurdiko hiriburu osoa zeharkatu ondoren, Santizpirita zubitik sartuko da karabana koloretsua. Amaiera-ekitaldia bertan izanen da, eta, segidan, festarako tenorea helduko zaie bertaratutakoei. Musika, dantza, janaria, edaria eta algara izanen dira bestaren osagaiak.

2024-ko martxoak 20

KORRIKAren arduradunek deialdia egin dute Euskal Herriko txoko
guztietako jendea bertara dadin, eta, era berean, ustea adierazi dute hitzordu
ederra izanen dela Baionako herritarrentzat nahiz eragileentzat, euskararen
aldeko lanean segitzeko akuilua.

Amaiera-ekitaldia Askatasun plazan izanen da, herri-etxearen (udaletxearen)
parean. Lekukoa 12:30erako iritsiko dela aurreikusita dago, azken kilometro
nazionalak egin ostean. Une horretan jakinen dugu nor den lekukoaren barruko
mezu sekretuaren egilea, eta, noski, baita mezuaren beraren edukia ere.
Ekitaldi nagusiaren aurkezlea Pantxika Maitia izanen da, Kanaldude telebista-
katearen aurpegi ezaguna.

Bestalde, azken eguneko arduradun Ibai Capot Thornary-k azaldu du “kasik
dena prest dela” Baionako jairako eta ospakizunak egun osoa iraunen duela.
Festa “handia” prestatu dute auzolanean, “KORRIKAk merezi duen modukoa”;
elkarlanean aritu da, halaber, Baionako eta Ipar Euskal Herri osoko antolaketa-
taldea: ekitaldiak hainbat gunetan egonen dira sakabanatuta, publiko-mota
guztiei begira, egitarauan Iparraldeko kultur eragileen parte hartzea
lehenetsita. Haien artean Ibil Bedi, Anje Duhalde, Patxaranga elektrotxaranga
eta Pontx pailazoa izanen dira, besteak beste.

Jean René Etchegaray Baionako alkateak nabarmendu nahi izan du, edizio honetan bereziki, hiri osoa aritu dela buru-
belarri KORRIKAren alde.

Amaitzeko, bi ohar garrantzitsu: batetik, AEK-k berariazko protokoloa ezarri
duela martxoaren 24a eraso sexista, arrazista eta homofoborik gabeko eguna
izan dadin; bestetik, ahal den neurrian, garraio publikoa erabiltzeko gonbita.
Hala ere, autoz joanez gero, antolatzaileek Ametzondo merkataritza-gunean
aparkatzeko gomendioa bota dute; bertatik autobusa hartu ahal izanen da, 5
minutuan Baionako erdigunera heltzeko. Horrez gain, bakoitzak bere edalontzia
ekar dezala, eta txartelak (tiketak) bankuko txartelarekin ere erosten ahalko
direla.

Sakana , Ultzama eta Leitzaldea zeharkatu zituen atzo Korrikak

Gipuzkoan sartu aitzin, Korrikak irudi ikusgarriak utzi zizkigun atzoko egunean Nafarroan. Araban atzean utzi eta Sakanan sartu zen euskararen aldeko lasterketa. Jendetsuak izan ziren Altsasun, Etxarrin, Arbizun eta Irurtzunen egindako kilometroak, besteak beste. Ondoren, Ultzaman egin zituen hamarka kilometro Korrikak, Lekunberri eta Leitzara iristeraino. Nafarroa utzi zuen larsterketak Goizuetatik pasata. 15 urte handik igaro gabe zenez, besta handia izan zen atzoko eguna bertakoentzat.

Gehiago