Korrikak jaso du Gora Iruñea-ren saria Iruñeko Egunean
Eguraldi ona eta giro ezin hobea izan zen Alde Zaharrean Iruñeko Eguna ospatzeko.
2016-ko azaroak 30
Iruñeko Eguna ospatzeko antolatutako jarduera guztiek eguraldi onaren laguntza izan zuten atzo eta jende andana bildu zen Alde Zaharreko karriketan horietaz disfrutatzeko.
Iruñari bere ekarpen xumea egiten dion pertsona edota eragilea zoriontzeko urtero ematen den Gora Iruñea saria Korrika-ri eman zitzaion. 2017an eginen den euskararen aldeko lasterketak Iruñean izanen du bukaera, eta Gora Iruñea plataformako kideek azaldu zutenez “ohore” bat da halako ekimena Iruñean bukatzea eta bertan izanen den jaiaz gozatzea. “Korrika eta AEK urteak dira euskararen normalizazioaren alde lanean dihardutela, herri hau izanen baita euskaraz bada. Gora Iruñeak ere bat egiten du helburu horiekin eta horrexegatik Korrika da autengo Gora Iruñea saria jasoko duena. Ziur gaude, datorren udaberrian Korrikak Iruñean eskainiko digun jai euskaldun erraldoia hori, herrikoia, parte hartzailea eta feminista izanen dela”.
Iruñeko Eguna urte osoko auzolan erraldoiaren ondoren ospakizunetarako eta jairako hartzen den eguna da aspaldidanik, gogoratu zuten Gora Iruñekoek. “Herritar andana ari zarete egunerokoan zuenean, zuen auzoan, hiri honi bizia eta kolorea ematen, auzokideon arteko harremanak estutuz, bestelako hiri eredu bat eraikitzen. Hori da iruindarrok bereziak egiten gaituena, auzoz auzoko auzolanaz Iruñeari egiten diogun ekarpen etengabea”, adierazi zuten.