Korrika Nafarroa hegoaldetik ekialderaino zeharkatzen ari da gaurkoan
Euskararen aldeko lasterketak bigarren egunean Nafarroa zeharkatu du. Korrika bihar helduko da Iruñerrira.
2019-ko apirilak 5
Goizeko sei eta erdiak aldera iritsi da Korrika Tuterara, bi ordu geroago berriro ere bertatik pasatzeko. Orduan, ume andanak egin dio harrera, eta Tuterako kaleak belaunaldi berrien grinarekin esnatu dira. Tafallarako bidea hartuta, Erriberaren luze-zabala zeharkatzen jarraitu du euskararen aldeko ekimenak. Arguedasen, Errigoraren bueltan aritzen diren ekoizle fin horiek guztiek bertan jarri dute haien alea.
Alesbesen, berriz, harrera berezia prestatu diote Korrikari, hamaiketako eta guzti. Euskarabideak, edizio honetan, eremu diskriminatuan egin du Korrika, mugak apurtuz. Eta Valtierra eta Cadreita ere zeharkatu ditu Korrikak ostiralarekin. Bazkalordurako, Faltzes zapaldu dute korrikalariek.
Egun osoa eman du gaurkoan ere Nafarroan, Iruñea hiriburua biharko utzita. Hegoaldetik abiatuta, ekialderaino joko dute korrikalariek, Erriberatik Zaraitzuraino, Tafallaldea eta Zangozaldetik igarota. Hortaz, jendetza ibiliko da Nafarroan Korrikaren arrastoa jarraitzen.
Arratsaldeko lehen orduan, Erriberri igarota, Tafallan sartu da jende uholdea, hura baita eskualdeko eragile gehienek lekukoa eramateko aukeratu duten lekua. Denak, ordea, ezin bertan sartu, eta Tafallara heldu aurretik zein ondoren, eskualdeko hamarnaka lagun aritu dira eskuz esku lekukoa eramaten. Makirriain ondoren, Olleta, Lerga eta Eslaba pasatuta, gaueko lehen unearekin Zangozaldean izanen da 21. Korrika. Oibartik Zangozara, eguneko azken orduak bertan emanen dituzte korrikalariek. Zangozan AEK-k ireki berri duen euskaltegitik pasako dira, eta bertan irakasleek eta ikasleek eramanen dute lekukoa.
Gaua Zaraitzurako bidean eginen du Korrikak, Irunberritik Domeñura, eta handik Isoko mendatea hartuta, Pirinioetan barneratuko dira korrikalariak: Nabaskotze, Espartza, Eskarotze, Jaurrieta… Larunbat goizaldeko sei eta erdiak aldera lekukoak eginak izango ditu aurreneko 400 kilometroak. Eguerdian Iruñerrian sartuko da Aezkoa eta Agoitzaldea atzean utzita.