Korralito forala: Nafarroa ez da saltzen, gutxi batzuek oinordetzan hartzen dute

Ivan Gimenezen Corralito foral liburu arrakastatsua irratsaio bihurtu dute Euskalerria Irratian, Nafarroako eliteen azken 80 urteak aztertzeko asmoz. Aste honetan, 2017ko martxoaren 17ko manifestazioa hartu dute hizpidetzat.

2016-ko azaroak 7

 Iruñean, neguko larunbat hotz baten arratsaldea. Opuseko eta Jesuitaseko ikasleek Espainiako banderak saltzen: “Eskuetatik kentzen dizkigute”. Egia esan, Nafarroa salgai (omen) bazen ere, azkenean ez zuten saldu. Jendetzak ez zuen Nafarroako banderak hartu nahi, nahiz eta oparituak izan… Espainola nahiago.

PP (Rajoy, Zaplana, Esperanza Aguirre…), UPN, CDN, Comunión Tradicionalista Carlista, Falange, CEN eta Merkataritza Ganbera patronalak pankartaren atzean: “Forua eta Askatasuna. Nafarroa ez da saltzen”. Gamazadaren usaina, nolabait, ehun bat autobus “herrietakoak etor daitezen”. Eta ‘Libertad sin ira’ ereserki antifrankista megafonian…

Pankartaren atzean, korralitoa sostengatzen duten erakundeak (ekosistema orekatzen, ehun urtez eta haratago), benetako onuradun itzalean babestuz. Helburu bakarra: dirua betiko poltsikoetan jarrai dezan, baina formula gordin eta zuzenegi horrekin ez dago ideia saltzerik. Mozorro egoki baten bila, hor dago betiko (betiko?) ‘navarrismoa’.

Korralitoaren bizitza luzearen gakoa: ikusezintasuna. Betiko gauza, jaio ginenetik hurbileko paisaia, naturala, mugiezina… Korralitoa normaltasunaren irudia da, azalpenak behar ez dituen zerbait, definigaitza… Definigaitza? Hau da korralitoa, irakurle baten aburuz: “Gure gurasoen buruzagiek eraiki zutena euren semealabak gure semealaben buruzagiak izaten jarrai dezaten”.

Arrainontziaren arrainek ez dute urik ikusten, guk korralitoa ikusten ez dugun moduan… Ongi begiratu arte. Korralitoaren erakundeen oreka eta mesede-trukaketa hain sendoa zenez, Miguel Sanz-ek Nafarroako Urre Dominak banatzen hasi zela, komenigarria zen ikusezintasuna alboratuz: Diario de Navarra, CEN, UGT, CCOO, UAGN, VW Navarra, Opuseko Unibertsitatea, Borbon erregea…

Hau ez da historia liburu-komiki bat, baina… euren errua da, historia errepikatzeagatik. 2007ko manifestazioa 1977ko beste manifestazioaren alaba izan daiteke. Orduan, UCD, Alianza Foral, Fuerza Nueva eta Comunión Tradicionalista bildu ziren pankarta beraren atzean: “Navarra foral y española”. ‘Remake’ izugarria, ‘deja vù’ etsigarria, atzo eta gaurko estrategi berberak eta argigarriak…

Klasiko bat, Diputazioaren balkoian, Amadeo Marcoren ondoan. Hara, Jesús Aizpún-en (UPNeren sortzailea) edozein ikaratzeko moduko mintzaldia: “Erregeak eta Armadak onartuko al dute Espainiaren batasunaren suntsiketa? Zalantzak soilik mindu beharko lieke”. Herrietako jendea Iruñera autobusez hurbildua zen, 2007an bezala… Dena, beti, berdina… Betirako?

Azken urteotan, batzuk barre egin dute (dugu?) navarrismoaren ikur eta liderren kontura: Sanz-ek jotak abesten eta kitarra jotzen, euskararen aurkako gorroto zatarra, hankasartze kulturalak… Baina korralitoaren nagusiak aldaketei maisuki egokitu dira, bezero-sareak elikatuz, euren oinarri sozialak hedatuz, sistemaren biziraupena helburu. Iruñerriko nekazariek diotenez, “nora joan jakin gabe, urratsik ez”.

Gehiago