Kontseilu Sozialistek mobilizazioak deitu dituzte Euskal Herriko 5 hiriburuetan

Abenduaren 30ean Baionan, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean mobilizazioak antolatuko dituzte “Proletalgoaren aurkako ofentsiba gelditu! Autodefentsa sozialista antolatu” lelopean.

2022-ko abenduak 27

Bizitzaren garestitzea salatzeko antolatu dituzte mobilizazio hauek. Bizitzaren garestitzearen zenbait adibide jarri dituzte: oinarrizko elikagaien prezioaren igoera edota langabezia eta etxebizitza lortzeko ezintasuna, besteak beste.
Salaketa ez ezik, beharrezkoa ikusi dute Kontseiluek “garestitzearen eta langile- klasearen pobretzearen arduradunak” seinalatzea. Adierazi dutenez “bizi dugun egoera ez delako kasualitatea eta erantzuleak dituelako”. Horrela, “enpresariek beraien irabaziak handitzeko harturiko erabakien ondorio” dela mahai-gaineratu dute. Gaineratu dute “politikari profesionalak eta instituzioak pairatzen ari garen erasoaldiaren parte direla eta ardura dutela horrekiko”.

Haien hitzetan “langile-klasearen bizi- eta lan-baldintzen aurkako ofentsibak lotura zuzena dauka langileriaren antolakuntzarako baldintza faltekin. Erasoaldiari aurre egiteko erreminten faltan, autodefentsa eraginkorra sustatzea urgentziazkoa” dela adierazi dute. “Izan ere, langile borrokaz irabazitako eskubideak babesteaz gain guztiontzat kalitatezkoak izango diren bizi-baldintzen alde jardun behar gara”. Euren esanetan, “egungo gizartearen baitan ez dago horrelakorik bermatzerik, horretarako gaitasunak existitzen diren arren. Kontrara, guztion ongizatea erdigunean jarriko duen gizarte antolaketa arrazionalaren eskutik besterik ez da egikaritu. Hori da Estatu Sozialista eraikitzearen proposamena”.

Gehiago