Kontseilu Sozialistak Kalixto Tabernan izandako sarekada salatu du

Atzo iluntzean Espainiako Polizia Nazionalak sarekada egin zuen Kalixto tabernan. Droga bilatzearen aitzakiapean tabernan auzolanean zeuden 15 pertsonak identifikatu, miaketak egin eta aurkitu zituzten kartel, pegatina, agenda eta koadernoei argazkiak atera zizkieten, gaur Kontseilu Sozialistak jakitera eman duenez.

2022-ko uztailak 5

“Atzokoa ez zen “errutinazko miaketa” bat izan; informazioa lortu, militanteak beldurtu eta tabernaren irudia kaltetzea helburu zuen operazio bat baizik”, salatu dute. Informazio Brigadak operatiboa zuzendu zuela ere argitu dute, “eta horrek argi erakusten du honen atzean dagoen interes politikoa. Ez da lehen aldia, ez da azkena izango eta Estatuak indar errepresiboak erabiltzen jarraituko du langileria antolatuaren aurka”, zehaztu dute.

“Langileriaren antolakuntza independentean pausoak ematea eta eskubide politikoak defendatzen jarraitzea da horri aurre egiteko modu bakarra. Horrelako erasoek ez dute gure borondatea kikilduko eta determinazio berdinarekin jarraituko dugu geure jardun politikoarekin”, esan du Kontseilu Sozialistak.

Gehiago