Kontseilu Sozialista Iruñerria sortu dute
"Izaera globala eta intergenerazionala" izango duen eskualdeko antolakunde politikoa martxan jarri du Mugimendu Sozialistak.
2020-ko abenduak 29
Jaio da Kontseilu Sozialista Iruñerria. Antolakunde politiko berria Berriozarko Musika Eskolako aretoan aurkeztu da ehun pertsona inguruko barne ekitaldi baten. Bertan, antolakundearen lehen hitzak irakurri dituzte bi kidek eta aurkezpen bideoa proiektatu da.
“Krisi garai honetan proletalgoaren bizi baldintzak defendatzea eta sozialismoa eraikitzeko urratsak ematea” helburu du Kontseilu Sozialista Iruñerriak. Azken urteetan, gorpuzten joan da Mugimendu Sozialista eta, oraingoa, beste aurrerapauso bat da: izaera globala eta intergenerazionala duen antolakundea sortzea eskualde mailan.
“Gizartearen zati handi bat, zehazki zaurgarriena dena, ez du ordezkatzen ez Estatuak, ez haren alderdiek, ezta orokorrean gizarte burgesak ere” eta honen aurrean “beharrezko tresnak sortzeko eta politika ikuspegi propiotik egiteko unea” dela diote. Norabide honetan alderdi politiko eta Estatuaren instituzioekiko independiente arituta,
lan lerro ezberdinak martxan jarriko dituztela adierazi dute. Belaunaldi arteko harremanaren garrantzia ere azpimarratu dute, ekintza batasuna finkatzeko helburuarekin. Inolako klaserik eta zapalkuntzarik gabeko gizarte batera bidean mugarri garrantzitsua dela azpimarratu dute.