“Konplizitate sareen aurrean, erresistentzia feminista” aldarrikatuko du mugimendu feministak azaroaren 25ean
Azaroaren 25ean, konplizitate sareen aurkako mobilizazioetara batzeko deia zabaldu du Euskal Herriko mugimendu feministak
2025-ko azaroak 17
Azaroaren 25a ate joka dugula, Euskal herriko Mugimendu Feministak gaur goizean Gasteizen prentsaurrekoa eman du. Hasteko, iazko azaroaren 25etik gaur arte eraildako sei emakumeak gogoratzen hasi dute irakurketa: “indarkeria matxistaren aurpegi lazgarrienaren eta bortitzenaren biktimak izan diren horiek ekarri nahi ditugu gogora”. Biktimak ez dituztela bakarrik utziko adierazi dute eta senide eta lagunei elkartasuna adierazi diete.
Horrez gain, Palestinari eta Palestinako feministei elkartasuna eta babesa adierazi nahi izan diete, eta gobernuek Israelekin dituzten harremanak eteteko exijitu eta Israeli boikot egiteko deia zabaldu dute.
Indarkeria matxista, ordea, egunerokotasunean beste hamaika formetan ikus daitekela adierazi dute, eta horregatik, aurtengoan horiek sostengatzen dituzten egiturak, konplizitatea sareak eta anaidiak salatuko dituztela kaleetan. Argudiatuz, emakume, trans eta bollerek jasaten duten indarkeria ez dela ausazkoa, baizik eta sistema kapitalista zisheteropatriarkal arrazista eta kolonialak askotariko egiturak eta mekanismoak dituela oinarri, emakumeen gorputz eta lurraldeetan indarkeria betikotzeko eta, hala, sistema betikotzeko, azaldu dutenez.
Egun, eskuinetik nahiz ezkerreko sektore erreakzionarioetatik oldarraldi betean aurkitzen garela salatu du mugimenduak: “Gorrotozko diskurtsoak eta feminismoaren kontrako diskurtsoak inpunitate osoz zabaltzen ari dira, sareetan, komunikabideetan nahiz kaleetan; feministon kontrako mezuak, mezu transfoboak, mezu arrazistak, eta beste.” Azkenaldian, Euskal Herriko hainbat txokotan erasoak publikoki salatu diren arren, boikoteatuak eta gutxietsiak izan direla salatu dute, aldarriak eta ekintzak deslegitimizatu dituztelarik. Eta horren erruduntzat jo dituzte gertuko gizonak, “haien konplizitate eta anaidia egiturak lagun”. Eta, aipaturiko konplizitate eta anaidia sare horiek, paktu patriarkalak direla adierazi dute, eta bertan gizonez gain, bestelako egiturek ere parte hartzen dutela: indarkeria matxista lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartzen ez dituzten erakundeak eta justizia sistema “non, babesgabe eta inongo sinesgarritasunik gabe uzten gaituen etengabe”. Horrek, kalean bizi dugun oldarraldiarekin eragin zuzena duela salatu dute, eta geroz argiago inpunitate osoz zabaltzen ari diren diskurtso faxistekin, argudiatuz, aliantza perfektua dela feminismoa deslegitimizatzeko.
Bestetik, Mugimendu Feministaren borroka antiarrazista izan behar dela aldarrikatu dute, eta
arrazakeria zabaldu nahi dutenen aurrean ere antolatuta egongo direla diote. “Sistema arrazista eta kolonialista betikotzen dituzten egiturak salatzen jarraituko dugu, tartean, berau sostengatzen dituzten legeak deuseztatzeko eskatzen ere, atzerritartasun legea, kasu.”
Hori guztiagatik, erresistentzia feministarako deia zabaldu dute; antolatzeko eta kaleak hartzeko deia, alegia, autodefentsa feminista aldarrikatzen eta gauzatzen jarraitzeko. Eta, indarkeria sostengatzen duten haien konplizitate sareei, horien aurka borrokatzen duten konplizitate sare feministekin erantzuteko aldarrikapena egin dute.
