“Koi Sushi ordaindu zor duzuna” borrokaldia mantentzen da Iruñeko langile baten alde
Ekainean Iruñeko Koi Sushi jatetxeko langile batek hainbat bidegabekeria salatu ostean, enpresa honek kaleratu egin zuela salatu du Langileon Autodefentsa Sareak. Ordutik, mobilizazioak egiten ari dira jatetxearen aurrean eta datozen egunetan "gatazka honetan" aurrepausoak egon daitezkela uste dute.
2017-ko uztailak 20
Iruñeko Koi Sushi jatetxeko langile baten lan-baldintzak hobetzeko eta zor dioten dirua ordaintzeko eskatuz, ekainaren 12an hasi zuten protestaldia: ordaindu gabeko ordu estrak, kontratu-irregulartasunak, atsedenerako aukera eza eta oporrak ukatzea izan dira salatutako bidegabekeriak. “Koi Sushi: ordaindu zor duzuna” afixekin hainbat kontzentrazio egin dituzte jatetxearen aurrean aste guzti hauetan.
Enpresari kontratu-irregulartasunak aldatzeko proposamena egin ostean, langilearen kontrako neurriak hartu dituztela salatu dute, hari ez zegozkion lanak egitera behartuz. “Azkenik, langilea kaleratzen dute hitzez, baina, ez dute kaleratze hori sinatzerik nahi mehatxu gisa, hauen helburua baita lan egindakoak baino ordu gutxiago biltzen duen kontratua sinaraztea”.
Autodefentsa Sarearekin batera, langileak berak, zor diotena kobratu arte protestan jarraitzeko deia egin du babesa eskertzearekin batera. Atzo bertan egin zuten azken protesta, eta aste honetan gatazkan aurrepausoren bat eman daitekela jakinarazi dute Langileon Autodefentsa Saretik.
Iruñerriko Autodefentsa Laboraleko Sarea 2016ko azaroan aurkeztu zuten. Urte horretako apirilaren 30ean egindako mobilizazio eta ekainean egindako Gazte Boterea Eraiki jardunaldien harira, antolatzea erabaki zuten arte. Seattle hiriko elkartasun sareak hartu dituzte eredu, langile prekarioen esplotazioari aurre egiteko tresna bezala.