Kobane eta Kurdistango herriarekiko elkartasun keinua Iruñetik
Gaur Iruñean, herri kurdoarekiko nazioarteko elkartasun egunean, kontzentrazio bat egin da euren askatasunaren alde eta DAESHen faxismoaren aurkako borroka babesteko.
2016-ko urriak 31
2014ko uda amaieran Kobane hiriaren setiatzea hasi zen. Lau hile eta erditan zehar Siriako iparraldean dagoen hiria Daesh-ek (ISIS bezala ingelesez ezagutua) erasotua izan zen, baina gerrilla kurduak premisa argi batekin aurre egin zien: ez dira pasako. Eta 2015eko urtarrilaren 26an hiriaren askapena iragarri zuten. Ondorioz, Kobane, indar yihadisten aurkako erresistentziaren sinbolo bihurtu zen, askatasun gotorleku bat Siriako gerrak eragindako kaos eta suntsipenaren erdian. Ordutik milizia kurduek, Siriako Indar Demokratikoen aterkipean batutako hainbat komunitate etniko eta erlijiosorekin batera, Daeshek eragindako izutik ehunka kilometro karratu askatu dituzte. Garaipen hauek Rojava eskualdearekiko handituz doan interesa piztu dute mundu osoan, nahiz eta bertan garatzen ari den demokrazia erradikalaren proiektua aurretiaz hasi bazen ere, 2012ko uztailaren 19an Bashar Al-Assaden erregimen siriarrarekiko Rojavako autogobernuak iragarritako autonomia adierazpena baino askoz lehenago ere.
Kurdistango mendietan hamarkadak, mendeak ere daramatzate tradizioz zapalduta bizi den herri batentzat bizitza justuago bat lortzeko borrokan. Mendebaldearen esku bere lurralde naturala 4 Estatutan zatikatzeak (Turkia, Iran, Irak eta Siria), Estatu inperialisten partetik kontrola mantentzea helburu zuen mugak marraztu zituen, biztanleriarentzat ekarriko zituen ondorioak kontutan hartu gabe. Euren identitatea ukatua izan zitzaien, euren kultura erreprimitua eta euren duintasuna zapaldua. Dena den (edo agian horregatik) kontuan hartu gabe utzi ezin daitezkeen proiektu politiko bat eta mugimendu sozial bat sortzeko gai izan ziren. Inperialismoarekiko eta kapitalismoarekiko euren kritika zorrotzek, erreprimituak izan diren erregimenen krudelkeria eta metatutako esperientzia iraultzaileak paradigma politiko berri bat garatzera eraman ditu: konfederalismo demokratikoa. Emakumearen protagonismoa eta behetik gorako estruktura sozial baten eraikuntza duen autonomiaren bilaketak, non komunak eta lurralde kontseiluak transformazio sozialeko proiektu iraultzaile baten oinarria diren, Ekialde Erdian zein mundu osoan moldeak apurtzen dabil.
Eskualdeko potentzia nagusiek (Turkia, Iran, Saudi Arabia, Israel…) zein nazioartekoek (EEUU, Errusia, EB, Txina…) euren interes inperialistak sustatzeko gerra bat aurrera eramaten dabiltza, herri kurduari zein eskualdeko beste herri batzuei sufrimendua eta kalte larriak eraginez. Estatu turkoak konkretuki, Recep Tayyip Erdogan presidentearen ideario neo-otomandarraren pean, Turkian zein Siria eta Irakeko estatuetan kurduen aurkako gerra krudela garatzen ari da, genozidio kultural eta etnikoa gauzatzeko asmo argiarekin. Gaurko mobilizazioan azpimarratu denez, “Siriar lurraldearen gaineko inbasio turkiarrak modu argian frogatu du gobernuaren asmoa ez dela ISISekin amaitzea, Rojavako herriaren aurreratzea bere kantoien bateratzea lortzeko frenatzea baizik”. Horretarako bere esku dauzkan bitarteko militar eta diplomatiko guztiak erabiltzen ari da, hamarnaka pertsona desplazatuak izan dira, erailak edota etxebizitzak galdu dituzte. Turkiak Irakeko estatuan, Masud Barzani presidentea eta bere KDP partiduaren konplizitatearekin, Zagros mendietan gerrillaren eremuak bonbardatzen ditu eta bere lurreko tropak modu ilegalean mantentzen ditu, Bagdadeko irakiar parlamentuaren (eta eskualdeko beste antolakundeen) baimenik gabe. AKPren gobernua estatu turkiarrean bertan, larrialdi egoeraren aitzakiapean, funtzionario, politiko, kazetari eta epaileen aurkako purga masiboak burutzen ari da, hamarnaka herritar atxilotuz eta demokratikoki hautatutako alkatetza eta udal suntsituz. Modu berean auzo osoen, baso eta labore eremuen suntsiketa, eta miloi erdi baino gehiagoko barneko desplazatu eta hamarnaka zibilen heriotza eragin dituzten etxeratze aginduen operazio militarrek jarraitzen dute 2015eko udatik luzatzen ari den gerra isilarazi batean.
Kurduen borrokari babesa
Kurduekiko nazioarteko elkartasun egun honetan “Kurdistango herrien borroka babestea” zuen helburu, “bizitzen ari diren prozesuak sendotzea ahalbideratuko dituen elkartasun sare bat sortuz”. Iruñeko Zabaldi elkartasun txokotik egin da deialdia, eta Zabaldiren ustetan “Konfederalismo Demokratikoa datorren panorama politikoan ezberdintasuna markatzeko gai den proposamena” izanen da, baina horretarako “hazi, hedatu eta sendotu behar da”. Gaurko mobilizazioarekin hainbat eskariak egin nahi izan dituzte: Kobanêra korridore humanitario baten irekiera eta Rojavak pairatzen duen blokeo ekonomikoaren amaiera, kurduen aldeko mugimenduaren kontrako turkiar segurtasun indarren jarduera errepresiboen etetea, Abdullah Öcalanen askatasuna eta bere isolamenduaren amaiera, Turkiako preso politikoen askatasuna, bereziki bizitza arrisku handian duten gaixo larriena, PKK antolakunde terroristen zerrendatik kentzea eta herri kurduari sostengu aktiboa, ekonomikoki eta politikoki, ematea.