“Klubaren aginduak dira” esaten zidaten guztiz legezkoak diren banderak kentzen zituzten bitartean”

Larunbatean Osasuna eta Mallorcaren arteko norgehiagokan segurtasunaz arduratzen den enpresako langileek ikurrina eta Nafarroako ikur pare bat kendu zituzten harmailatik. Osasunazale batzuek jarritako ikurrak ziren, eta liskarra grabatu eta sarean hedatu zen, polemika eta eztabaida sortuz. Klubak ikerketa abiaraziko duela iragarri du, eta bere agindupean ez zutela egin adierazi du, baina Eneko Compains-ek elkarrizketa honetan argi utzi nahi izan du hori dela esan zietena.

2023-ko urtarrilak 16

Zer gertatu zen pasa den egunean Sadarren?
Estadiora sartu aurretik hasi ziren arazoak, ez baitzidaten utzi nahi Euskal Herriko armarria zuen ikurrinarekin pasatzen utzi. Azkenean irmo jarri nintzen, esanez bi urte neramala bandera horrekin sartzen, adierazpen askatasuna non geratzen zen galdetu nien, eta insistentziaren aurrean (eta klubeko arduradunen erantzunik ezaren aurrean), segurtasun guardiek pasatzen utzi zidaten. Ordurako, hori bai, partida hasia zen (10 bat minutu eduki ninduten behean).

Minutu batzuk geroago etorri zen harmailakoa. Segurtasun guardiak gerturatu eta “¿De quién son estas banderas?”, nireak zirela esan eta kentzeko agindu zidaten. Ezetz esan nien, noski, eta orduan haiek modu zabarrean kendu egin zituzten. Eraman egin nahi zituzten baina itzultzeko exijitu nien. Jendea oihuka zutenez eta jende multzo bat ni babestera gerturatu zenez, azkenean, itzuli behar izan zizkidaten.

Galdetu egin nien, gainera, zein araudiren babespean guztiz legezkoak ziren banderak kendu egiten zituzten, eta haiek erantzun bakarra zuten: “son órdenes del club; son órdenes del club”. Minutu batzuk egon ginen eztabaidatzen, nahiko bero, baina azkenean joan egin ziren.

Lehenengo aldia zen ikurrina eta Nafarroako ikurra jartzen zenutela? Aurretik arazoak izan dituzue?
Pandemiaren ostean publikoa estadioetara itzuli zenez geroztik jartzen ditut toki horretan bertan ikurrina eta Nafarroako ikurra, batzuetan bigarren ikurrina bat ere, eta, harmailan behintzat, ez dut inoiz arazorik izan.
Sarreran berriz bai, ikasturte honetan bertan Sobietar Batasuneko bandera sartzea eragotzi zidaten, Poliziaren aginduz, inolako lege oinarririk gabe. Noski, bandera kentzen dizute baina ez dizute inolako paperik ematen, ez dizute azaltzen zein arauren babespean hartzen den erabakia, inork ez du egindakoaren ardura hartzen, ez dute deus sinatzen… ezin arbitrarioagoa da dena.

Klubaren aginduak betetzen zituzten esaten zuten, baina hori legala da?
Eztabaida osoan zehar klubaren aginduak betetzen ari zirela esaten zuten. Nik esaten nien klubak ezin zuela legearen aurkako agindu bat betearazi, banderak legezkoak zirela, baina haiek erre ke erre erantzun horrekin, beraien ardura zuritu nahian edo. Naziek egin zituzten basakeriak justifikatzeko argudio bera erabiltzen zutela oroitarazi nien.

Zu zuzenbide irakaslea zara, eta ongi dakizu zer den ilegala eta zer ez, ezta? Nola da posible hau gertatzea 2023an?
Juridikoki astakeria galanta da, Espainiar Konstituzioak berak adierazpen askatasuna oinarrizko eskubide bezala babestu (20. art.) eta botere publikoen arbitrariotasuna debekatu egiten duelako (9.3. art.). Eztabaida juridikoa hor bukatzen da.
Tamalez, ez da ezer berria, kate luze baten azken katebegia baizik. Ikusi besterik ez dago txupinazoan urterik urte gertatzen dena; udalei ikurrinarekin jartzen zaizkien trabak… Obsesio bat badago Erregimenaren partetik euskal ikurren aurka, herri honen askatasun ikur direlako eta geroz eta atxikimendu zabalagoa dutelako. Nafarroa berri bat bultzaka datorrela badakite. Jasangaitza zaie, baina ez dute lortuko. Gaztelaniaz esan ohi den moduan: “si no quieren taza, taza y media”. Ikusiko!

Osasunak azalpenak eman ditu, eta ikerketa bat abiaraziko duela iragarri du, ze iritzi duzu?

Dirudienez klubeko arduradunak ohartu egin dira larunbatekoak sumindura piztu duela Osasunako zalegoaren eremu zabal batean, eta sare sozialetan ikusi diren irudiek ere oso toki txarrean utzi dute kluba, argi eta garbi ikusten delako ikur eta bandera zehatz batzuk zentsuratzen direla, hain zuzen ere Erregimenarentzat deserosoen direnak (mozkorraldi zentsuratzailearen erdian Darko-ren pankarta bat kentzera iritsi baziren ere).

Ikusi beharko da ia iragarritakoa zurikeria besterik ez den ala benetan larunbatean gertatutakoak luzetik datorren segurtasun arduradunen agintekeria, gehiegikeria eta arbitrariotasunari muga jartzeko balio duen. Ez naiz oso optimista.

Gehiago