Karmele Solagurenen omenez elkarretaratzea burutuko dute bihar Barañainen
Udaletxe plazan izanen da, bere heriotzaren hamargarren urteurrenaren bezperan.
2014-ko abenduak 4
Karmele Gogoan plataformak elkarretaratzea deitu du biharko, ostiralean, hilaren 5ean Udal plazan arratsaldeko 7etan. Helburua Karmele eta Jose Luis senarrari gertatutakoaren aitortza egitea da.
2004ko abenduaren 6an semea espetxera bisitatzera zihoaztela, auto istripuan hil zen Karmele Solaguren Barañaingo herritarra eta larri zauritu Jose Luis Guerra senarrak. Ordutik abenduaren 6an lore eskaintza egiten diote eta bihar hamargarren urteurrena egiten delako, kontzentrazioa eginen dute.
Argazki lehiaketa
Era berean, dispertsioaren inguruan hausnartzeko argazki lehiaketa antolatu du Karmele Gogoan ekimenak. Abenduaren 31a arte egonen da irekia lanak aurkezteko epea eta saria ekimenak ekoiztutako material sorta izanen da.
Gaia “Sakabanaketa” izanen da eta nahi duenak parte hartu dezake, gehienez hiru argazki aurkeztuz, originalak eta saritu gabeak. A4 tamainakoak izan behar dira eta kartulina batean bermatua. Egilearen identifikazio datuak kartazal itxi batean agertu behar dira.
Lanak Haizea Kultur Elkarteko buzoian entregatu edo bidali daitezke (Kirol Etorbidea z/g, 31010, Barañain). Argazkilaritzan adituak eta Karmele Gogoan ekimeneko lagunak osatuko dute epaimahaia.
Aurkeztutako lanekin erakuskera eginen da.