Karmele Solaguren, sakabanaketaren biktima, gogoan izan dute bere heriotzaren 18. urteurrenean
150 lagun inguru bildu dira Barañaingo bizilaguna gogoratzeko. 2004ko abenduaren 6an 400 kilometrotara preso zegoen bere seme Ekain Gerra bisitatzera zihoan kotxe istripu bat izan zuen bere bikotekide Jose Luis Guerrarekin batera.
2022-ko abenduak 6
Karmele Gogoan plataformak deituta, urtero legez, 130 lagunek Karmele Solaguren omendu dute. “Karmele Bihotzean” izan da aurten plataformak deialdia egiteko hautatutako leloa.
2004ko abenduaren 6an izandako kotxe istripu batean hil zen Karmele Solaguren. Egun hartan, 400 kilometrotara preso zegoen bere seme Ekain bisitatzera zihoan bere bikotekide Jose Luis Guerra Carrillorekin batera. Goizeko 8ak aldera, Karmele eta Jose Luisek bere kotxea errepide bazterrean gelditu zuten aurretik izandako auto istripu batean laguntza emateko, Soriako Norviecas herriaren ondoan. Goizeko 8:15etan errepide berdinean zihoan auto batek Karmele eta Jose Luis harrapatu zituen. Barañaindik 148 kilometrotara, Alcala Meco espetxetik urrun, Karmele hilik suertatu zen eta Jose Luis larriki zauritua.
“1981eko apirilean Jose Luis Gerra espetxeratu eta sakabanatu zuten. Urte honetako apirilean, 41 urte bete dira lehendabiziko aldiz herriko bizilagun bat espetxeratu eta sakabanatu zutenetik. Geroztik osotara herriko 20 lagun sakabanatuak izan dira. 38 urtetan, presoen senide eta lagunek 5 milioi kilometrotik gora egin dituzte beraien senide-lagun maitea denbora labur batez ikusi ahal izateko. Munduari 125 bira, 9 istripu, hildako lagun bat eta zauritutako beste bat eragin dituzten 125 bira. Zenbaki beldurgarri eta izugarri hauei senide eta lagunen kostu fisiko eta ekonomikoa gehitu behar zaie. Dispertsioak Barañainen 559.629€-tik gorako gasolina gastuak eragin ditu. Kopuru honi pentsio, otordu, isun edota bidesarietako zenbateko kalkulaezina gehitu beharko genioke” gogoratu dute plataformako kideek, Barañainen dispertsio politikak eragindakoak gogora ekarriz.
Musika, bertsoak, dantza eta lore eskaintza egin dute ekitaldi honetan.
Duela 4 urte, Barañaingo Udaletxeak Solaguren sakabanaketa politikaren biktima bezala aitortu zuen. Mozioa, Karmele Gogoan herri ekimenak aurkeztu zuen Barañaingo 813 bizilagunen babesarekin batera. Karmele Gogoan ekimenak Nafarroako eta Espainiako Gobernuei gauza bera egitea eskatzen die.