Karmele Solaguren omenez oroigarri bat bultzatzeko kanpaina jarri dute martxan Barañainen
2004ko abenduaren 6an hil zen kotxe istripuz, Madrilgo Alcala Mecoko espetxera bere semea bisitatzera zihoanean.
2016-ko maiatzak 30
Dispertsioaren biktimen aitorpenari ekiteko Karmele Solaguren Goikoetxea espetxe-politika honen ondorioz hil zela modu esplizituan jasotzen duen monolito bat ipiniz. “Hauxe izango da lehen pausua aitorpenerantz. Herriago izanaraziko gaituen aitorpena. Dispertsioaren amaiera eskatzen duen herria. Bere historia gordetzen duen herria etorkizuna guztion artean eraikitzeko”, adierazi dute gaur egindako aurkezpenean.
Altzairuzko pieza bat izanen da, Karmeleri dagokion silueta batek mozten du erdian eta bere heriotzaren ondoren herrian utzi duen hutsunea irudikatzen duena. “Gainerakoak herria irudikatzen du. Eremu honetan hamaika zulo daude gertatutakoa aitortu gabe igarotako urte bakoitza irudikatzen dutenak. Monolitoa ipintzen den unetik urtero pertsona batek aurreko hamaika horiek baino neurri txikiagoko zulo bat egingo du, Karmele beste urtebetez faltan dugula azaltzeko”, esan dute.
Baina Karmeleren irudiaren inguruko hutsune hauek funtzio bikoitza izango dute: aingura moduan balio izango dute urtero harien bitartez elkarrekin lotuz hutsune hori ehundu dezagun aitorpenaren lan iraunkor batekin. Monolitoak hurrengo testu hau izango du euskaraz eta gazteleraz: “Barañaingo bizilaguna den Karmele Solaguren Goikoetxea 1947ko martxoaren 10an sortu eta 2004ko abenduaren 6an hil zen, Estatu espainolaren dispertsio politikaren ondorioz. Hutsune amaigabeak oroimena bete dezala”. Monolitoak beste pieza bat edukiko du ipiniko den egun berean jakitera emango dena.
Monolitoaren kostua ordaintzeko auzolan-ariketa handia egin nahi dute. Momentuz kontu korronte bat zabaldu dute (Laboral kutxa ES17 3035 0229 36 2291058708 kontu zenbakian).
Barañainen kirol, kultur, politika arloan zein arlo sozialean aritzen diren pertsona esanguratsuen atxikimenduak jasotzen ari direla ere iragarri dute, baita bizilagun askoren aurpegiak ere. Jasotako atxikimendu guztiak irailean eginen dituzte publiko, bitartean, nahi duen barañaindar oro karmelegogoan@gmail.com helbidera bere argazki bidal dezake atxikimendua emateko.