“Kapitalismoa eta prekariatatea eskutik” doazela salatu du Ernaik

Ernai ezker abertzaleko gazte antolakundeak osatutako "Gazteria, lana eta prekarietatea" aurkeztu du. Bertan Euskal Herriko gazteriaren egoeraren inguruko argazkia egiten da. Burujabetzaren aldeko herri presioa eta praktika burujabea garatzea proposatzen du Ernaik.

2014-ko otsailak 25

Ernai gazte antolakundeak Euskal Herriko gazteriak bizi duen prekarietate egoerari buruzko dossierra egin du. Egoera hau ez da berria gazteontzat baina 2007an neoliberalismoaren ofentsibak krisia eragin zuenetik egoerak nabarmen okerrera egin duela salatu du Ernaik.

Gazteoi buruzko inkesta eta datuak sarri entzuten baditugu ere, datuen atomizazioari aurre eginez, argazki osatu bat egin nahi izan du ezker abertzaleko gazte erakundeak, "egoera hau gazteon eskutik mahai gainean jartzeko". Euskal Herri osoko gazteria kontuan hartzen duen halako txostenik ez da egin krisialdia hasi zenetik, eta hor egindako lanaren balorea.

Dossier honekin lan merkatuaren egoerak gazteen prekarizazioan duen eraginaren inguruko argazki bat osatu dute. Baina horrekin batera, honi aurre egiteko alternatiba zein den ere proposatu nahi izan dute, egoerari aurre egiteko ekimenak proposatuz.

Prekarietateaz hitz egitean bi kontu garbi adierazi nahi dituzte. Batetik, prekarietatea "ezegonkortasuna eta segurtasun ezaren" sinonimoa dela. Bestetik, "egiturazkoa" dela eta ez koiunturala. Zentzu horretan salatu nahi izan dute "ideal neoliberalak inposatzen dituen balioen eta formen ondorioa" dela eta ez bizi baldintza zehatz batzuena soilik. Beraz, Ernairen hitzetan, "kapitalismoa eta prekarietatea eskutik doaz".

Argazki honetan argi ikusten da neoliberalismoak eragindako krisia bere helburuak lortzen ari dela, Ernairen iritziz: "prekarietatea sistematizatu eta iraunkortzea, pobretzean sakonduz". Eta hau lan baldintzen kaskartzearekin eta soldaten jaitsierarekin ari da lortzen. Hainbat datu esanguratsu ere eskeini dute ezker abertzaleko gazteek:
•    Euskal Herrian pobreziaren muga 937 €an dago. Gazteen %72 baino gehiago ez da diru-sarrera horietara iristen. Kontratudun gazteak %35 dira eta bataz besteko soldata 1.100 € prekario dira.
•    Langabezia datuak. 15-24 urte arteko gazteen langabezia %39,3koa da (%41 emakumeen kasuan). 23 puntu egin du gora krisia hasi zenetik. Langabetuen %58 gazteak dira. Hurrengo sektore kaltetuena 25-34 urte arteko gazteak dira: %18,6ko langabezia tasa.
•    Kontratu motak: 2013ko azken hiruhilekoan egin diren kontratuen %95,5a aldi baterakoak dira. Hauen %63,1ak hiru urte baino gutxiagoko iraupena dute. 16 eta 29 urte arteko gazteen %49ak familiaren sostengu osoa edo partziala behar du. Eta familiak ere gero eta larriago dabiltza.
•    Lan Erreforma berriarekin egoera hau are gehiago okertzea aurreikus daiteke, minijob-en eredua aplikatzearekin prekarietatea areagotuko da.

Kontuan izan behar da hala ere, indikadore hauek ezkutuko lanak ez dituztela kontabilizatzen eta gazteriaren %65a (sistemarentzat ez aktibo diren gazteak) lan merkatu beltzean ari dela lanean (kontraturik gabe, zaintza lanetan…), Ernaik emandako datuen arabera. Hauetako gehienak emakumeak eta migranteak.

Hezkuntzari dagokionez, "herriak dituen beharrak ase eta proiektu sozialak garatzeko baliatu ordez, enpresa kapitalisten mesedera egokitu" dela azpimarratu du Ernaik. "Horrek, proiektu berrien sorrera, garapen eta autogestioari begira arazo larriak ekarri ditu; besteen aginduen menpe lan egiten soilik dakien gazte belaunaldia hezi da."

Ikasteko ere, zailtasunak
Hezkuntza elitizatzen eta negozio bilakatzen ari da. Ikasleak lana eta ikasketak konbinatzeko gero eta zailtasun gehiago izaten ari diren bitartean, bekak lortzeko baldintzak gogortu eta tasak igo dira. 2010etik EHUko matrikulak %8,8 igo dira. NUPekoak %4. Ipar Euskal Herrian larriagoa da egoera, ikastera ere Pau, Tolosa edo Bordelera joatera behartuta baitaude. Urtero 8000 gaztek alde egiten dute, eta asko ez dira itzultzen.

Prekarietate egoera honek bi ondorio dituela azaldu dute. Alde batetik, emantzipatzeko ezintasuna. Etxebizitzaren prezioaren bataz bestekoarekin ezinezkoa zaio gazte bati egun etxe bat alokatzea, eta gazteek jada planteatu ere ez dute egiten emantzipatzea. Bestetik, migrazioa. Lan kualifikaturako eskaintza eta aukerarik ezean atzerrira joatera behartzen dituzte.

 

Euskal Herria utzi
Ipar Euskal Herrian egiturazko arazoa da barnekaldea hustea. Hego Euskal Herrian 2012an 22.300 gaztek alde egin zuten Euskal Herritik, gehienak (%62,9) Espainiako Estatutik kanpora. %43 hazi da gazteon migrazioa krisia hasi zenetik. Baina Ernaik gogoratzen du atzerrira joateak ez duela esan nahi prekarietatea hemen uzten denik, eta gainera oinarrizko eskubide asko galtzen dituzte erroldan baja ematearekoan.

Ernaik uste du egoera honi ezin zaiola buelta eman honaino ekarri gaituen pentsamendu eskemarekin jarraituz. "Kapitalismoa prekarietatea da eta hau urratsez urrats irauli beharra dago.
Zentzu horretan, iraultza sozialaren norabidean, aterabide osoa emateko Euskal Estatuaren aldeko apustua egiten dugu", azaldu dute. Neoliberalismoak merkatuaren bidez herritarrok politikan eragiteko dugun gaitasuna "bahitu" nahi izan dutela ere salatu dute. "Prozesua irauli behar da herri boterearekin, parte hartzearekin politikan eraginez. Burujabetza da horretarako bidea. Politika propioak garatzea herritarron mesederako", uste du Ernaik.

 

Intsumisioa eta borroka
Egungo merkatuaren logikari intsumisioa egin behar zaiola uste du Ernaik, eskubideen murrizketak eta baldintzen kaskartzea ez onartuz eta hauen alde antolatu eta
borrokatuz. Bestetik, Ernaik proposatzen du kontsumo ohituretan kriterioz jokatzea eta enpresa kapitalistetan ez kontsumitzea.
Alternatibak eraiki eta saretu behar direla ere aipatzen dute, ezinezkoa dela sistematik kanpo bizitzea. Horretarako hainbat ekimenen garapenean lan egingo du Ernaik. Formazioa eta aholkularitza finantzario, estrategiko zein juridikoa ekonomia sozial eta solidarioko proiektuak martxan jarri eta garatzeko laguntza emango dute, eta proiektu hauek saretzean ere. Gazte kooperatibak sortzeko eta saretzeko ahaleginak egingo dituzte, beste aldetik. Guzti horren helburua produkzio bitartekoak kolektibizatzea eta komunitatearen beharren araberako produkzio eredua sustatzea izango da. "Merkatu justu eta solidarioa eraikitzea da helburua", Ernairen hitzetan.
Burujabetzaren aldeko herri presioa eta praktika burujabea garatzea dira beraz, prekarietateari aurre egiteko Ernaik proposatzen dituen tresnak. Zentzu horretan, kanpaina bat abiatuko dute martxoan egoera gordin hau gazteen artean landu eta ekimenak martxan jartzeko. Infexio puntu gisa, maiatzaren 3an Bilbon gazte manifestazio nazionala egingo dute "Gazteok burujabe: larrutu sistema, eraldaketa gure baitan" lelopean.

Gehiago