“Kapitalismoa ala bizitza”, Sorturen ekimen ikusgarria Klimaren aldeko grebaren atarian
Bilbon EAJk duen egoitzaren parean egindako ekimen honetan, Sortuk salatu nahi izan du klima larrialdia "sistema kapitalistak eragin" duela, eta burujabetza aldarrikatu du tresna propioak eskuratzeko "arazo global honi aurre egiteko".
2019-ko irailak 20
“Gure planetaren baliabideak mugatuak izan arren, eredu kapitalistak ez du mugarik. Gelditu ere ez da egiten, aurrean harrapatzen duen guztia suntsitu arte. Sistema kapitalistak eragin du klima-larrialdia”, ziurtatu du Sortu-k Bilbon egindako ekimen ikusgarri honetan. Alderdi honen hitzetan, kapitalismoak arazo hori konpondu ezik “areagotu egiten ditu emakumeen zapalkuntza, migrazio-krisiak, goseteak, pobrezia, langabezia, prekarietatea, gerra…”
Sortuk gogoratu duenez, mende amaieran, Lurraren tenperatura 3ºC igoko da orain arte bezala jarraituz gero. Hurrengo 10 edo 20 urteetan hartuko diren neurriek erabakiko dute Lurraren geroa. Hego Euskal Herrian, herritar bakoitzak 9 tona CO2 isuri zituen 2017an, Europako Batasunean (8,4 tona) eta Estatu espainiarrean (7,2) zenbatutako kopuruaren gainetik.
“Alarma gorri guztiak piztu dira. Munduak trantsizio sozio-ekologikoa behar du eta gu gure aletxoa jartzeko prest gaude. Gure iparrorratza da karbono isurietan neutroa izango den Euskal Herri batera abiatzea”, esan du Sortu-k. Euskal Herrian iraunkortasunaren eta ingurumenaren alde esperientzia ugari izan direla nabarmendu du Sortu-k, eta burujabetza ezinbestekoa dela deritzo, “tresna propioak” izateko “arazo global honi aurre egiteko”.
“Kapitalismoak bizitza jartzen du arriskuan. Norabide aldaketa behar dugu. Berandu baino lehen”, dio Sortu-k.