Kalera Info aldizkaria eta Kalerakalera.eus webgunearen itxiera berretsi ditu Auzitegi Nazionalak

Sortu alderdiak bultzatutako aldizkari eta webgune hauek euskal preso eta iheslari politikoen egoeraren berri ematekoak ziren, eta terrorismoa gorazarrea egitea leporatu die Espainiako Auzitegi Nazionalak. Sortuk komunikatu batean erabaki honen berri eman du eta adierazpen askatasuna aldarrikatu du.

2022-ko urtarrilak 27

Bakearen eta bizikidetzaren aurkako ofentsiban beste urrats bat egin du gaur Auzitegi Nazionalak Sorturen bitarteko komunikatiboak ixteko erabakia berrestean. Hain zuzen, ‘Kalera Info’ aldizkaria eta kalerakalera.eus webgunearen itxiera berretsi ditu eta Sortuk jarritako helegiteak alboratu. Kontuan izan behar dugu Auzitegi Nazionalak, Kalera Kalera dinamika dela eta, Sortuko sei kideren aurkako sumarioa irekia duela, euskal preso politikoen eskubideen aldeko eta haien asistentziaren aldeko lana kriminalizatzen dituena.

Egoera erabat larri eta salagarri baten aurrean gaude, estatu-estolderietan pentsatu eta diseinatu dena, ezkerreko independentismoa ahultzeko eta kaltetzeko asmoz. Oker dabiltza: independentismoa sekula baino indartsuago dago egun.

Alderdi baten jarduera komunikatiboaren aurka jo dute. Adierazpen askatasunaren aurka egin dute. Informatzea bezalako eskubide eta jarduera zilegiaren aurka egin dute. Eraso honen bitartez, mugimendu politiko oso baten aurka egin dute. Herri oso batek eraiki nahi duen bizikidetzaren aurka. Eta honek demokratikotik ez du ezer. Kalera Info aldizkaria presoak informatzeko tresna bat baino ez da.

Herri honek ezin du Sakoneko Estatuaren eraso gehiago onartu, are gutxiago orain, preso, iheslari eta deportatu politikoen auzia konpontzeko inoizko adostasunik handienak ehundu direnean, eragile askoren borondate eta ahaleginari esker. Konponbiderako ireki den aukera-leihoa kosta ahala kosta itxi nahi dute, gehiengoaren borondatearen kontra, elkarbizitza eraikitzearen kontra. Bakeari oztopoak jartzen tematu beharrean, egin dezatela behingoz bakearen eta bizikidetzaren aldeko ekarpenen bat. Bada garaia.

Gehiago