Kale izenak euskaratzeko Iruñeko Udalak 20.000€ gastatu ditu, baina alferrik AETren iritziz

Kaleetako plaketan egindako aldaketak ez direla zuzenak salatu du Administrazioan Euskaraz Taldeak.  

2014-ko abenduak 5

Iruñeko Udalak 20.000 euroko aurrekontua zuen, aurten, Iruñeko hainbat errotulu ele bietan jartzeko, Euskararen Ordenantza betetzeko. Iruñeko Udalaren eskumena den hizkuntza-paisaian euskarak eta gaztelaniak presentzia berbera izanen dute, eta, horrenbestez, edukia, tamaina eta kontrastea berberak izanen dira bi hizkuntzetan, plaken, seinaleen, kartelen eta hizkuntza-paisaiaren gainontzeko elementuen errotulazioan, esaten du Ordenantzak.

Iruñeko Euskalgintzarekin lotutako akordioa zen. Diru hori gastatu egin du (hein batean bederen), "baina lotsarik gabe erabili du Iruñeko Euskalgintzaz farre egiteko, eta bide batez, hiritar euskaldunoz eta diruaren erabilera zuzena nahi duten hiritar guztiez", salatu du Administrazioan Euskaraz Taldeak.

AETk dio plakak aldatu bai, baina iruzurra eginez egin duela. Adibide gisa, “Calle / kalea Cendea de Iza” plakaren ordez “Calle Cendea de Iza kalea” plaka jarri du (“kalea” hitza tokiz aldatu du, besterik ez). Eta horrela hainbat eta hainbat kale plakekin.

AETk  bere buruari galdetzen dio ea nola Iruñeko Udalak gasta dezake diru publikoa horrela, “kalea” hitza toki batetik bestera aldatzeko bakarrik. "Plaka eta errotulu gehiago dira aldatzekoak 20.000 euro horiekin. Gauzak zuzen egin ditzala eskatzen diogu UPNri".

 

Gehiago