Justiziak Fresneseko kartzela kondenatu du arratoiez betea delako

Kazeta.infok jakitera eman duenez, bertako bizi baldintzak direla eta, Fresneseko presondegia kondenatu du Meluneko Auzitegi administratiboak. Hain zuzen, arratoien izurriaren kontrako neurriak hartzea agindu dio. Nahiz eta justiziak izurriaren kontra neurriak hartuak izan direla aitortzen duen, nahikoak ez direla ondorioztatu zuen urriaren 5ean iragan zen auzian.

2016-ko urriak 7

Presondegien Nazioarteko Behatokiak (OIP) urte hasieran Fresneseko presondegian arratoiak zeudela jakin zuen, lekuko baten bidez. Maiatzean, Behatokiak bi presok “leptospirose” deitu eritasuna pairatu zutenaren berri eman zion Val-de-Marneko Eskualdeko Osasun Agentziari (ARS). Eritasunaren ekarle nagusia arratoia da.

Agentziak presondegiak animalia kaltegarrien kontrako neurriak hartu zituela erraten zuen bitartean, OIPk beste lekukotasun bat jaso zuen. ARSen aburuz, arratoien izurria presoek ziegetako leihoetatik janaria botatzen dutelako garatu da. Arazoari aurre egiteko, kartzelako administrazioak leihoetan burdin sareak instalatzea erabaki zuen. OIPk horrek ziegak ilunagoak bilakatzen dituela salatu du.

Behatokiak Meluneko Auzitegiari presondegiak kaltegarriak diren animalien izurriaren kontrako neurriak hartzea eskatu zion. Bere iritziz, Fresnesen bizi den egoerak “presoen duintasunean eragiten du”. Gainera, “arriskutsua da presondegian dauden pertsonen osasunarentzat”.

Epaileak hartutako neurriak ez direla nahikoak ondorioztatu du. Erabaki horien artean, menuen aldatzea dago, janarien isurketa konpontzeko eta presoei zakarrontziak eman dizkiete; horiek egunero bilduak dira. Halaber, orain arte arratoigabetzeaz arduratzen zen enpresa urtero hamabi aldiz heldu bazen, orain, bi astero joango da presondegira.

Auzitegiak administrazioari egoera hobetzeko bidean dagoela frogatzea eskatu dio. Ez dituela bere esku diren neurri guziak hartu eta ahalik eta azkarren burutzea galdegin dio. Gisa berean, arratoien sarbidea oztopatzeko sablea duten eremuak betoiz estaltzea eta isurbideak tapatzea eskatu dio. Kartzelak bere ekintzen emaitzen berri eman beharko dio Eskualdeko Osasun Agentziari.

6 euskal preso politiko

OIPk Fresneseko kartzela gainezka dagoela nabarmendu du. Hain zuzen, 2.536 preso daude eta soilik 1.324 presorentzat dago tokia. Gaur egun sei euskal preso daude Fresneseko kartzelan.

Gehiago